Artilearen prozesuari buruzko erakustaldia, Ferixako berrikuntza nagusia

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 5a

Jende ugari izan zen iazko Ferixa Egunean.

10:00etan zabalduko dute 75 postu izango dituen Eskoriatzako Ferixa, eta ordu horretan bertan hasiko du Nagore Intxausti artzainak artilearen prozesuaren gaineko erakustaldia; 14:00ak arte izango da, Jose Arana parean

Arizmendi Ikastolak antolatzen duen Eskoriatzako Ferixiaren 28. aldia ospatuko dute bihar, zapatua. 09:00etan hasiko da eguna, txupinazoa botata eta txistulariek gidatutako kalejirarekin. 10:00etan, berriz, azoka zabalduko dute, eta, betiko legez, herrigunea zeharkatuko du: Santa Marina plazan elikagaien postuak egongo dira; Jose Arana kalean eta Herriko Plazan, berriz, artisauenak; eta Aranburuzabala kalean gizarte elkarteen postuak egongo dira. 60 postu inguru egongo dira azokan, eta baserriko elikagaiak, artisau-lanak eta bestelako produktuak egongo dira ikusgai.

Herritarren parte-hartzea

Arizmendiko ordezkariak ez ezik, herritar asko ere batzen ditu Ferixa Egunak. Esaterako, 10:00etan hasita, Eskoriatzako talogileen laguntzarekin, ikastolako familiek eta langileek elkarlanean prestatu eta banatuko dituzte taloak. Horrez gain, Gorosarrikoek erakustaldia egingo dute, 12:15ean, Gorosarri plazan. "Balio handia ematen diogu Arizmendi osatzen dugun pertsonez gain herritar askok parte hartzen duten eguna izateari. Ikastola herrira begira ulertzen dugu, eta saiatzen gara bailara osoan presentzia izaten; Eskoriatzan igartzen dugu hori", adierazi dute antolatzaileek.

Nagore Intxausti artzaina

Urteroko ekintzekin dator aurtengo Ferixa, baina badu berrikuntza nagusi bat: artilearen prozesuaren erakustaldia. 10:00etan hasi eta 14:00etara bitartean, Nagore Intxausti artzain nafarrak artilearekin lotutako tailerra egingo du, Jose Arana parean. Hain zuzen ere, erakustaldi parte hartzailea izango da, eta, gailuak martxan jarrita, azalpenak emango dizkie ikusleei, artilezko lanak egiteko prozesua zein den erakusteko. Horrez gain, bertan ikusi ahalko dira, besteak beste, Intxaustik artilea erabiliz egindako zapatak, gerri-ontziak, barne-zolak eta garbigailurako bolak. "Artileari balioa ematea eta gaur egun hondakin bihurtu dena erabilera interesgarriz beteta dagoela erakustea" da Intxaustiren helburu nagusia.

Lehiaketak eta tailerrak

10:15ean hasita, XVII. Txorimalo Lehiaketa egingo dute, eta sari-banaketa izango da bazkalaurretik, Jose Arama gunean, 13:45ean. Txorimalo Lehiaketako sariak ez ezik, Ferixako postuetako irabazleen sariak banatuko dituzte eta errifen zozketa egingo dute. Haurrentzako eta gazteentzako tailerrak eta puzgarriak egongo dira goizean, Jose Aranako jolastokian, 11:00etan hasita. 15:00etan izango da Zuk ekarri, zuk jan! bazkaria, eta bazkalostean ere izango dute tailerrez gozatzeko aukera herriko gazteenek, plazan.

XII. Txapel Jaurtiketa txapelketarekin, larrain dantzarekin eta Emeki taldearen erromeriarekin borobilduko dute eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak