Martxan dago Santa Marina plazako ur-eremua

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 2a

Santa Marina plazako ur-eremua.

Bi ur-eremu egokitu dira aurtengo udarako, bero zakarrari aurre egiteko: Santa Marina plazako ur-eremua eta kiroldegiko igerilekua.

Aurtengo lehenengo beroaldiak uda sasoian sartu aurretik iritsi direla kontuan hartuta, martxan jarri du Eskoriatzako Udalak Santa Marina plazako ur-eremua. Bero handiko egunetan, ur-txorrotez gozatzeko aukera egongo da 16:30etik 19:00etara bitartean. Eremu horretan, ur-lanbroa botatzen duen tutua eta lurrean kokatuta dauden ureztagailuak daude. Udaletik jakinarazi dute adin tarte guztiei zuzenduta dagoen guena dela, eta gehitu dute "urarekin jolasteko jostailuak, eguzkitan egoteko toallak, hondartzako aulkiak eta bestelakoak eramatea posible" izango dela. Horren harira, erabiltzaileei eskatu diete "bukaeran dena ondo jasotzeko eta ingurua txukun uzteko". Gaineratu dute guneak ez duela "zaintza zerbitzurik" eta haurren zaintza "gurasoen ardura" izango dela.

Kanpoko igerilekua, uztailaren 2an

Ekainaren erdialdean irekiko dute kiroldegi kanpoko belardia. Bestalde, haurrei zuzendutako igerilekua uztailaren 2an zabalduko da, eta honako ordutegi hau izango du:

Uztailaren 2tik 31ra

  • Astelehenetik ostiralera, 14:45etik 19:45era.
  • Zapatuetan, 16:00etatik 19:45era.
  • Domeketan eta jaiegunetan itxita egongo da.

Abuztuaren 1etik 22ra

  • Astelehenetik zapatura, 16:00etatik 19:45era.
  • Abuztuaren 10etik 16ra itxita egongo da.

Abuztuaren 24tik 31ra

  • Astelehenetik ostiralera, 14:45etik 19:45era.
  • Zapatuetan, 16:00etatik 19:45era.
  • Domeketan itxita egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak