Bi hamarkada igaro eta gero, areto futboleko azkenengo partida jokatu zuen Aratz Kortazarrek (Eskoriatza, 1988) joan den asteburuan. "Hunkigarria" izan Manuel Muñoz kiroldegian azkenengoz jokatzea eta Eskoriatzako kamiseta hogei urtez defendatzea.
Laubururen kontrako partidua jokatu duzun bereziena izan zen?
Berezienetakoa izan da, ziur. Beste modu batekoa izatea espero nuen; izan ere, min hartuta iritsi nintzen azkenengo partidara, eta ez nuen ganoraz jokatzeko aukerarik izan. Egia esan, jokatu dudan partida hunkigarrienetakoa izan zen.
20 urte igaro eta gero, agur esan duzu; buruak ala gorputzak eskatu dizu azken urtea izatea?
Guztiak eragin du. Urte asko izan dira, asteburu guztiak okupatuta aspalditik, eta etapa hau ixtea erabaki dut, berriei atea zabaltzeko. Hiru seme-alaba eta emaztea ditut, eta eurei eskaintzeko denbora izan behar dut.
Horrek eragin zuzena izan du?
Tira, egia da emazteak ez didala esan "honaino iritsi zara". Uste dut jarraitzeko erabakia hartuz gero ez zela arazorik egongo. Baina jakin behar da etapei bukaera bat ematen. Urte batzuk igaro dira areto futbola utziko nuela esaten hasi nintzenetik, eta denboraldia hasi zenean argi izan nuen azkena izango zela.
Momenturen baten izan duzu zalantzarik?
Ez, nahiko argi izan dut hasieratik; ezer arrarorik gertatu ezean, banekien utzi egingo nuela.
"Ezer arrarorik" diozunean, igoeraz ari zara?
Hori da, kar-kar. Lortuz gero ez dakit zer egingo nukeen; izan ere, denbora gehiago eskatuko zidan eta bidaiak luzeagoak izango ziren. Baina tira, ez dugu lortu, eta listo.
18 urterekin iritsi zinen eta 38rekin zoaz; nola aldatu zara?
Ume bat izaten iritsi nintzen, eta hiru seme-alabarekin eta emazte batekin noa. Beteranoz jositako talde batera iritsi nintzen, eta belaunaldi asko ezagutu eta gero utziko dut; hori guztia, herrian bertan jokatzen.
Zure ibilbideko momentu bakarrarekin geratu beharko bazina, zein aukeratuko zenuke?
Bakarra? Kar-kar! Bakarra oso zaila da. Nabarmenduko nuke 18 urterekin talde nagusiarekin debuta egin nuen eguna. Bi kategoria gorago zeudela dut gogoan. Horrez gain, duela urte batzuk, igoerako play-off-etarako sailkatzeko partidua jokatu genuen, Mondrateren aurkako derbia, eta irabazi egin genuen. Hala, play-off-a jokatzea lortu genuen, eta oso polita izan zen. Eta, azkenik, joan den asteburuko partidua aukeratuko nuke. Era batera edo bestera, zirkulua ixten duen partidua dela esan daiteke.
Eta gogorrena?
Azkenengo erabaki hau hartzea, esango nuke. Ez da batere erraza izan.
Areto futbolaren bilakaera bizi izan duzu; asko aldatu da egoera?
Bai, asko. Taldetik harago, entrenatzaileak prestatuago daude, eta aurkariak eta partiduak gehiago aztertzen dira. Eskoriatzako areto futbolari dagokionez ere gauzak asko aldatu dira. Entrenatzaile mordoa igaro da klubetik, eta gauzak aldatu dituzte.
Jokalari izateari utziko diozun arren, baduzu areto futbolari lotuta jarraitzeko asmorik?
Hasiera batean, behintzat, utzi egin dut eta oporrak hartuko ditut areto futbolari dagokionez. Bat edo beste etorri zait areto futboleko proposamenak eginaz, baina utzi badut, da benetan utzi nahi dudalako. Denbora kontuak ere eragin handia izan du eta.
Proposamen horiek entrenatzaile hasteko izan dira?
Bai, hori da. Entrenatzaile edo areto futbolari lotutako beste esparruren baten hasteko proposatu didate, baina erabakia da areto futbola guztiz uztea, eta horixe egingo dut.
"Eskerrak ematen dizkiet jokalariei eta entrenatzaileei, baina, bereziki, nire emazteari"
Eskertza hitzak ez dira faltatzen halakoetan.
Hala da. Nik eskerrak eman nahi dizkiet hogei urte hauetan guztietan nire taldekide izan diren jokalari guztiei, izan ditudan entrenatzaile guztiei eta talde teknikoetako parte izan diren denei. Baita kuadrillakoei eta familiako kideei ere. Baina, bereziki, nire emazteari eman nahi dizkiot eskerrak, Nereari. Hau guztia ez zen posible izango hura gabe. Hark pairatu du senarra areto futbolean ibiltzeak dakarren guztia, eta oso eskertuta nago guztiagatik.