Harrera "ezin hobea" izan du Luis Ezeizaren Aniztasun Jaiak

Goiatz Arana Begiristain 2026ko maiatzaren 23a

Herri eskolaren errealitatea Herriko Plazara atera dute gaur, kulturartekotasuna erdigunean jarrita. Eskolako familien jatorrizko herrialdeetan oinarrituta, hamasei lurralde egon dira ordezkatuta, eta "oso-oso ondo" joan dela azaldu du herri eskolako zuzendari Maitane Gomez de Segurak.

"Harrituta geratu gara familiek erakutsitako gogoarekin, eta baita herritarrek emandako erantzunarekin ere", adierazi du. Enbaxadore lanetan aritu diren familiak euren herrialdeetako jantziekin etorri dira, eta jatekoa eta informazioa ipini dituzte hurbildu direnen eskura. Luis Ezeizako komunitatea osatzen dutenez harago, herritar ugarik erakutsi dute horiekiko interesa.

Folkloretik harago

Kulturartekotasuna kontu folkloriko batean soilik gera ez dadin, hainbat ekintza egin dituzte. Jolas kooperatiboa izan da horietako bat: hamasei herrialdeetako bitxikeriei buruzko galderak jarri dituzte mahai gainean, egoki erantzun ahala puzzle-piezak lortu eta guztiekin mural bat osatzeko; Mundutik Eskoriatzara irakur zitekeen bertan.

Udalari erronka

Munduko mapa bat ere ipini dute, gaurko azokan ordezkatuta egon diren herrialdeak bertan kokatzeko eta horietako bakoitzetik Eskoriatzara dagoen distantzia erakusteko. Eta anekdota ere utzi du bigarren ekimen horrek, gizonezko brasildar batek bere herrialdea ageri ez zela esaterakoan. Horregatik, hain justu ere, udalari erronka luzatu dio Gomez de Segurak: "Polita litzateke, aurrera begira, Aniztasun Eguna herri osora zabaltzea, gure eskolan askotariko herrialdeetako familiak dauden arren, badirelako komunitate horretan ordezkatuta ez dauden beste toki batzuetako bizilagunak Eskoriatzan".

Dantzan bukatu dute goiza, Errumaniako eta Euskal Herriko dantza banarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak