Zazpi elizateak zeharkatuko dituzte, herriko txokoak gehiago ezagutzeko asmoz

Julen Murua Mesonero 2026ko maiatzaren 22a

Zazpi Elizateen Martxan, hainbat herritar, artxiboko irudi batean.

31 kilometro inguruko ibilbidea da eta erdibidean anoa-postua izango du.

Eskoriatzako plazatik abiatu eta herriko zazpi elizateak zeharkatzen dituen martxa egingo dute domekan. Bi urtetik behin egiten den ekimena da, eta Atxorrotx Kultura Elkarteak hartu zuen hura antolatzeko ardura, duela hiru edizio. 07:00etan abiatuko dira herritarrak, plazatik, eta 31 kilometro inguru izango dituen ibilbidea osatu beharko dute: Herriko Plazan hasi eta Herriko Plazan bukatu. Bi urtetik behin egiten den ekimena izanda, ibilbidearen noranzkoa aldatu egingo da aurten, eta, hortaz, honako hau da parte hartzaileek egin beharko duten ibilbidea: Herriko Plazatik hasi eta Mazmela elizatera joan beharko dute; handik, Zarimutzera, eta gero, Marin elizatera; Apotzaga izango da zeharkatu beharreko hurrengo elizatea, eta hamarretakoa egiteko anoa-postua izango dute han parte hartzaileek. Gorputzak indarberritu eta gero, Gellao, Mendiola eta Bolibar elizateak zeharkatu beharko dituzte, eta Herriko Plazara itzuliko dira. Sei edo zazpi ordu inguruko ibilbidea dela dio antolakuntza lanetan ari den Juan Luis Zubizarretak, eta, hortaz, "ez da tontakeria bat". Hala ere, Zubizarretak onartu du ez dagoela ibilbide osoa egiteko beharrik: "Badago, esaterako, Apotzagara iritsi eta, anoa-postuan egon eta gero, berriro ere herrira jaisteko aukera".

Ekimen herrikoia

Parte hartzaileek ez dute izenik eman beharrik ez ezer ordaindu beharrik izaten Zazpi Elizateen Martxan parte hartzeko, eta, hortaz, "martxa ofizial bat baino gehiago, ekimen nahiko herrikoia" dela dio Zubizarretak. Hark dioenez, "egunean bertan Herriko Plazan agertu, eta zuzenean ibilbidea egiten hasten gara elkartzen garen herritar guztiak. Parte hartzaileek izango dute anoa-postua Apotzagan; alegia, ibilbidearen erdian". Oro har, "harrera ona" izaten duen ekimena dela dio Zubizarretak. Toki guztietan bezala, "eguraldiak" asko baldintzatzen du martxara joaten den pertsona kopurua; esaterako, "azkenengo edizioan eguraldi kaxkarra egon zen, eta 60 pertsona inguruk hartu zuen parte; duela bi edizio, ordea, eguraldiak lagundu egin zuen eta 100 pertsona inguru ibili ginen herriko elizateetan zehar", jakinarazi du antolatzaileak. Parte hartzaile guztietatik gehienak "Eskoriatzakoak eta Aretxabaletakoak" izaten direla dio Arrizabalagak, nahiz eta, tarteka, "bailarako inguruko herrietako batzuk ere batzen diren".

Inguruak ezagutzea helburu

Lauzpabost pertsonaren artean antolatzen dute ekimena, eta "bidegurutzeetan seinaleak jartzea" izaten da euren egiteko nagusia. Martxaren helburu nagusia "herritarrak elkartu eta herrian zehar ibiltzea" dela dio Zubizarretak. Gainera, "antolatzen dugun aldiro egoten dira inguru hauek ezagutzen ez dituztenak, eta haiek Eskoriatza, herriko elizateak eta inguruko txokoak ezagutzea aberasgarria da", gehitu du antolatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak