Kulturartekotasuna oinarri, herri eskolaren errealitatea kalera aterako dute zapatuan

Julen Murua Mesonero 2026ko maiatzaren 21a

Aniztasun Jaian egongo diren hainbat familia, Luis Ezeiza Herri Eskolan.

Hamasei lurraldetako postuak jarriko dituzte Herriko Plazako azokan.

Kulturartekotasunean eta aniztasunean oinarritutako eguna izango da zapatukoa Luis Ezeiza Herriko Eskolako familientzat; izan ere, hainbat herrialdetako kulturetara gerturatzeko jaialdia egingo dute, eta toki askotako janaria, dantzak, jolasak eta eskulanak uztartuko dituzte, besteak beste. Aurrenekoz antolatu duten eguna da, eta herri eskolaren 55. urteurrenaren baitan. "Hasiera batean, otsailerako antolatu behar genuen egun hau, baina ramadana zela-eta asteburu honetara atzeratu behar izan genuen", dio Luis Ezeiza Herri Eskolako zuzendari Maitane Gomez de Segurak.

Duela bi urtetik hona, Euskara eta kulturartekotasuna Eskoriatzan proiektuan parte hartzen dute Luis Ezeizakoek, beste elkarte batzuekin batera. Saio horietan behin baino gehiagotan landu dute "halako egun bat antolatzearen gaia, kulturartekotasuna ez zedin gelditu kontu folkloriko batean soilik. Herri mailara zabalduko dugun jai bat bada ere, gure eskolako familien herrialdeetan oinarritu dugu jaia, euren herrialdetako ohiturak eta kultura ezagutzeko helburuarekin", gehitu du Gomez de Segurak.

Hamasei lurraldetako postuak

Herri eskolako familietatik abiatuta, herritarrei Luis Ezeizako errealitatearen aniztasuna erakustea da Aniztasun Jaia antolatu izanaren helburu nagusietako bat. "Gainera, gure leloa da Mundutik, Eskoriatzara. Azkenean, hori erakutsi nahi dugu: munduko txoko askotatik Eskoriatzara etorri den jendea, eta gaur egun ere Eskoriatzan bizi dena. Toki haietako familiek gura dute euren lurraldeko zerbait partekatu gainontzeko herritarrekin", adierazi du Gomez de Segurak.

11:30ean hasiko dute eguna, Herriko Plazan jarriko duten azoka batekin; 13:00etan, jolas kolaboratiboa egingo dute; eta 14:00etan, munduko dantzak ikasiko dituzte. "Hamasei lurralde egongo dira ordezkatuta azokan, eta horietako batzuetan Luis Ezeizako familiak egongo dira, gainontzeko herritarrei euren herrialdearen gaineko informazioa helarazten eta euren herrialdean ohikoak diren janariak eskaintzen, besteak beste. Herrialde guztietako postuetan ez dira eskolako familiak egongo. Kasu horietan, argazki batzuk, jantzi tipikoak eta informazio-puntua izango dituzte. Munduko mapa handi bat ere izango dugu, azokan dauden herrialde horietako bakoitzetik Eskoriatzara zer distantzia dagoen adierazteko", jakinarazi du herri eskolako zuzendariak.

Gomez de Segurak dio "polita" izango litzatekeela, aurrera begira, Aniztasun Eguna herri osora zabaltzeko aukera izatea: "Gure eskolako komunitatean guztiok ezagutzen dugu elkar, baina polita litzateke egun hau herri osora zabaltzea. Guk gure aletxoa jarri dugu; Udalak zerbait jaso nahi badu, ederto, eta, bestela, guk jarraituko dugu eguna antolatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak