Zapatu honetan partidu erabakigarria jokatuko du taldeak, etxean. Arratsaldeko seietan hasiko da, Manuel Muñoz kiroldegian, eta laugarren sailkatua den Ataun KE taldeari irabaztea nahikoa izango da, partidu baten faltan, Urrestilla FS taldea matematikoki mailaz igotzeko. Ligako laugarren sailkatua da Ataun KE, eta, Urrestillako jokalari Markel Urzelairen arabera, partidu zaila izango bada ere "ziur dago" taldeak oso ondo erantzungo duela eta partidua irabazteko aukerak dituela: "Ataun talde indartsua da eta bolada onean dago. Hala ere, gure kasuan, ea beste partiduen emaitzak ere laguntzen gaituzten eta garaipenarekin Gipuzkoako Bigarren Mailara igotzea lortzen dugun".
Lehen fasea
Bigarren fase honetan izateko ligako lehen fasean etxeko lanak egin behar izan ditu Eskoriatzako taldeak. Urzelaik azaldu du hori lortzea ez zela erraza izan, baina gogoa ez dela sekula falta izan: "Hasieran, zaila izan zen partiduetarako jokalari guztiak batzea; lan kontuengatik, gehienbat". Hala ere, adierazi du denboraldiak aurrera egin ahala taldea gero eta erosoago sentitzen joan dela, eta aurrerapauso handiak eman direla: "Gure arteko harremanak asko indartu dira. Zelai barruan ere poliki-poliki ikasi dugu taldekide bakoitzaren ahulguneak eta indarguneak zeintzuk diren, eta gure artean ere nabari da taldeak indar handia hartu duela".
Mailaz igotzea, helburu
Talde berria da, eta, lehiatzen diharduten lehen denboraldia bada ere, taldekideek hasieratik argi izan dute lehen postuetan egotea zela helburua: "Hasieratik bagenekien goiko postuetan lehiatzeko aukera izango genuela. Dena dela, orain arte emaitza onak izan ditugu, baina argi dago lana ez dela amaitu".
Aurrera begira
Urzelaik azaldu duenez, hurrengo urtera begira, taldeari gustatuko litzaioke entrenamendu saio gehiago egin ahal izatea. Izan ere, orain arte, astean behin entrenatzeko aukera izan dute Manuel Muñoz kiroldegian: "Ulertzen dugu proiektu berria dela eta Eskoriatza KE taldeak denbora asko daramala, baina, proiektua seriotasun handiarekin hartzen gabiltza. Hori horrela, espero dugu datorren urtean Udalak entrenamendu saio gehiago egiten uztea"