Noiz hasi zinen zeramikan murgiltzen?
Graduko laugarren mailan hasi nintzen, duela bost urte. Zeramika arloa aukeratu nuen, nire ama zeramika-eskoletara joaten zelako eta inbidia pixka bat ematen zidalako. Ondoren, gustatu egin zitzaidan, eta gradu bukaerako lana zeramikaren inguruan egin nuen. Gero, masterrean gehiago sakondu nuen: EHUko Zeramika Masterra egin nuen; han murgildu nintzen erabat.
Zer dauka buztinak hainbeste erakartzen zaituena?
Nik uste dut erakartzen nauena dela moldatzeko duen gaitasuna eta ematen dituen aukera infinituak. Zerbait erabilgarria egiteko erabili dezakezu, edo dekoratiboa egiteko. Gainera, gero eta gehiago harritzen nau: Interneten edo beste artista batzuk ikusita, askotan ez du ematen pieza batzuk buztinarekin eginda daudenik edo posible denik horrelakoak egitea. Aspalditik erabili den materiala da, oso iraunkorra, eta ia edozertarako erabil daiteke.
Non aurkitzen duzu inspirazioa?
Askotan, nire ikasleek planteatzen dituzten proiektuek edo arazoek ematen didate inspirazioa. Haiek egiten ari diren piezak ikusita, nik ere bueltak ematen hasten naiz: "Horri nik beste zerbait egingo nioke" edo "teknika hori beste modu batera erabili daiteke". Ikasleek ekartzen dituzten ideiek egonezin moduko bat sortzen didate zerbait berria probatzera bultzatzen nauena.
Gaur egun, Bilboko tailer pribatu batean ari naiz, irakasle, eta Oñatiko zein Aretxabaletako udalekin zeramika ikastaroak ematen ditut. Eskoletan ikasle bakoitzak bere proiektuak ekartzen ditu, eta bakoitzak nahi duena egiten du; ez dira eskola itxi edo zorrotzak.
Zein da prozesuaren zatirik zailena? Eta gehien disfrutatzen duzuna?
Zailena da onartzea batzuetan buruan daukazun ideia ez dela espero bezala aterako. Prozesuan aldaketak gerta daitezkeela onartzea ez da erraza; ez da beti zuk nahi bezala ateratzen. Hori esperientziarekin ikasten da. Pieza bat gaizki ateratzen bazaizu, egindako akatsez konturatzen zara hurrengoan. Eta gehien disfrutatzen dudana ere horrekin lotuta dago: espero ez zenuen zerbait gertatzen denean, irtenbide bat aurkitzea edo proiektua beste zerbait bihurtzea.
Ez da ohikoena zeramikara dedikatzea. Zure ingurukoak harritu egin ziren?
Egia esan, ez ziren harritu zeramikara dedikatzearekin, ni ezagututa bazekitelako halako zerbait egingo nuela, seguruenik. Baina bai harritu dira –eta ni neu ere bai, batzuetan– zeramika nire ogibidea izatearekin. Zaila da hortik bizitzea; gure karreratik ateratzen den jende askok ez du lortzen. Nik uste dut gaur egun zeramika modan dagoela, eta horrek lagundu didala. Hala ere, horretara dedikazio osoz aritzea ez da ohikoa, eta horrek bai harritzen du.
Zure piezek hitz egingo balute, zer esango lukete zure inguruan?
Agian, trakets samarra naizela. Piezekin eta eraldaketarekin lotura dauka horrek. Txukuna eta metodikoa naiz, baina, gero, nahigabe, trakets samarra ere banaiz. Nire piezek esango lukete traketsa naizela, baina baita arazoen aurrean moldatzeko gaitasuna dudala ere.