Duela urte pare bat heldu zion Oskar Ruiz de Apodakak Eskoriatzan pilotan jokatu gura zuen haur talde bati. Aurretik beste batzuek egin zuten lanaren "jarraipena" izan dela dio Ruiz de Apodakak, eta onartu du herrian "taldetxo bat sortzen denean jendea azkar" animatzen dela taldera batzera.
22 pilotari
Bada, gaur egun eskola kirolaren parte da pilota saila, eta 22 pilotarik osatzen dute taldea: benjaminetan zortzi pilotari, alebinetako lehenengo urtean beste horrenbeste, eta alebinetako bigarren urtean sei pilotari. Hala ere, sailaren egoera da "alebin bigarren urtetik gorakoen kategorietan ez dagoela pilotaririk eta 8 urtetik beherakoek ezin dutela eurekin jokatu", Ruiz de Apodakak azaldu duenez. Hori kontuan hartuta, pilota taldeko arduradunak garbi dauka zeintzuk diren izango dituzten hurrengo erronkak eta borrokatu beharreko helburuak: "Pilota taldearen erronka nagusia da herriko haur gazteenak taldera batzea. Horrez gain, gaur egun pilota taldearen parte direnak mantentzen ere lan egin beharko dugu". Izan ere, datorren urtean alebinetako bigarren mailako pilotariak federatuak izatera igaroko dira, eta betidanik gertatu izan dena da "pilotari horiek Aretxabaletara joaten direla jokatzera federatzen direnean". Hala, "bidean pilotari asko gelditu dira", taldeko arduradunak dioenez, eta eurentzat "erronka handia" izango da "gazteek herrian jarraitzea pilotan jokatzen". Halaber, Ruiz de Apodakak nabarmendu gura izan du "pilotari gazteak izan arren alebinetako bigarren urteko pilotari batzuek Gipuzkoako txapelketako finalaurrekoak" jokatuko dituztela.
Kluba "berpizteko" nahia
Eskoriatzak badu pilota taldea, baina urteak daramatza geldirik. Ruiz de Apodakak dio kluba "berpiztea" dela bere nahi nagusia, eta horretarako lanean jarraituko duela aurrerantzean: "Taldea, berez, sortuta dago, baina esan daiteke hilda egon dela azkenengo urteetan, pilotariek ez dutelako herrian jokatzen jarraitu federatu behar zirenean. Orain, erronka da alebinetako bigarren mailan dauden sei pilotariak klubean federatzea eta hura berpizten saiatzea".
Gaur egun arte, pilota saila aktibo egon den denboran, "pertsona bakarra arduratzen zen klubaren kudeaketaz". Ruiz de Apodakak dio, "egitearren, pertsona bakarrak egin dezakeen lana" dela, baina, era berean, "zentzua galduko luke horrek", haren ustetan, eta nahiko luke "herriko sektore ezberdinek parte hartzea kluba berpiztean eta egonkortzean; besteak beste, gurasoek, euren haurrak jokatzen dutelako; erretiratuek, partiduak daudenean epaile lanak egin dezaketelako; eta herriko gazteek, entrenatzaile lanak egin ditzaketelako. Pilota herrira zabaldu nahi dut, eta ez frontoi barruan gelditzea nik kudeatuta".