Bertsolari ezagunen hitzekin osatutako kantak aurkeztera etorri da Mikel Markez Eskoriatzara. Ane Labaka, Alaia Martin, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Jon Sarasua, Xabier Amuriza, Odei Barroso eta Oihana Aranak hartu dute parte Gezurrari zor diskoan. Hala, bertsolari bakoitzak gezur baten bueltan landu du testua, eta Markezek "etorkizuna gazteen esku dago" jarri zion gai bezala Aranari.
Kantu hori taularatu aurretik azaldu du eskoriatzarrak ze elementu erabili dituen: "Koplak idaztearen alde egin nuen, gauza handientzako normalean erantzun laburrak direlako ondoen funtzionatzen dutenak. Bestetik, kopla zaharrek badute oso gauza interesgarri bat, naturarekin eta paisaiarekin lotutakoak izaten direla. Niri, gazteoi buruz pentsatzerakoan, paisaia urbanoak etortzen zaizkit gogora".
Hala, tonu ironiko eta iradokitzailean, lehen bost koplekin gazteek orainaldian dauzkaten arazoak deskribatu ditu, eta azken hirurak galdera erretorikoz josi, "halako esaldiak esaten dituztenei bideratuta".
Kantuaren estribiloa itsaskorra ere bazenez, publikoa gustura asko animatu da abestera.