Aitona-amonen biografien lehiaketaren sari banaketak jendez bete du Zaldibar aretoa

Ibai Irasuegi Garai 2026ko apirilaren 24a

Gaur arratsaldean egin dute Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu egitasmoaren sari banaketa Eskoriatzako Zaldibar aretoan. Luis Ezeiza eta Arizmendi ikastetxeetako ikasleek hartu dute parte, eta bi sari nagusi eta zortzi aipamen berezi banatu dituzte ekitaldian. 

Aurtengo edizioari dagokionez, Malen Ortiz Landa eta Itoitz Herrera Etxebarriarteun ikasleak izan dira sarituak, eta, aitona-amonak ondoan zituztela, haien idazlanak irakurri dituzte Zaldibar antzokiko oholtza gainean. Horrez gain, Beheko Errota Musika Eskolako ikasleen partaidetza izan du sari banaketak aurten ere, eta giro ederra jarri dute oholtza gainean abestutako kantuekin.

Bi ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek hartu dute parte egitasmoan, eta haien aitona-amonei zuzendutako 70 bat biografia lan aurkeztu dira aurten. Liburuaren egunaren bueltan udal liburutegiak antolatu dituen ekintzetako lehena izan da gaurkoa, eta, egitarauari jarraituz, beste bi ekintza antolatu dituzte; biak ala biak, domekan. Batetik, 12:00etan hasita, Literatura juntaixe egingo dute udal liburutegian, eta, bestetik, 19:00etan, Mikel Markezek Gezurrari zor diskoa aurkeztuko du Zaldibar antzokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak