Mikel Markez errenteriarrak bere hamalaugarren diskoa aurkeztuko du domekan, 19:00etan hasita, Zaldibar antzokian: Gezurrari zor. Abeslariak onartu du badirela "bi urte inguru" proiektu horrekin lanean hasi zenetik, eta igarotako denbora guztiaren ostean lanarekin "oso gustura" bukatu duela dio.
Bederatzi abestiz osatua
"Umorea eta ironia" erabiltzen ditu Markezek, "gaur egun kezkatzen gaituzten zenbait gairen inguruko hausnarketa batzuk proposatzeko". Horretarako, bederatzi bertso-doinu sortu ditu, eta beste horrenbeste bertso-sorta jaso ditu hurrengo bertsolari hauen eskuetatik: Ane Labaka, Alaia Martin, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Jon Sarasua, Oihana Arana, Odei Barroso eta Xabier Amuriza. Diskoaren soinuaren bueltan lanean, berriz, Arkaitz Miner, Iker Lauroba eta Iñigo Mantzizidor, eta ahotsa jartzen Esti Markez, Maddalen Arzallus, Xabi Sukia eta Eneritz Aulestia.
Jende mordoa izan du alboan Markezek, eta onartu du diskoaren sorkuntza-prozesuarekin gozatu egin duela: "Bertso-sorta bakoitzarekin ezberdina izan da, bakoitzak zerbait ezberdina eskatzen zuelako, hain justu. Orokorrean, lehenengo, gaia eta metrika adosten genituen, eta orduan hasten ginen lanean, bertsolaria bere aldetik eta ni nire aldetik. Erdibidera heldutakoan, lana orrazten genuen; batzuetan doinua bere horretan gelditu da, baina beste kasu batzuetan moldatu egin behar izan ditut doinuak".
Maila handiko bertsolariekin eta musikariekin batera sortu du Markezek Gezurrari zor, eta, dioenez, diskoa egiteak "ardura" puntu bat eragin dio. "Oso gustura" gelditu da emaitzarekin.
Arana gonbidatu
Bi aurkezpen-kontzertu jo ditu Markezek; gaur egingo du hirugarrena, Donostian, eta Eskoriatzakoa izango da laugarrena. Orain artekoak "oso ondo" joan direla eta "bereziak" izaten ari direla dio errenteriarrak: "Orain arte ari gara kontzertu bakoitzera gonbidatzen bertsolari bat, esperimentu gisa. Horrek ematen dio saio bakoitzari nortasuna eta bakantasuna, eta bertsolariek, saioa testuinguratzeaz gain, ematen dituzte euren bertsoen inguruko azalpenak, eta horrek laguntzen du kantuak hobeto ulertzen. Miner eta Lauroba daude nirekin eszenatokian, eta oso harro nago horrekin".
Hala, Eskoriatzako emanaldian Oihana Arana herritarra izango da bertsolari gonbidatua, eta hark idatzitako sortaren inguruko azalpenak emango ditu jendaurrean. Markezek dio ez zuela aurretik Arana ezagutzen, nahiz eta "hark idatzitako hainbat kontu irakurriak" zituen aurretik. Harremanik ez izan arren, "gazteen eta etorkizunaren inguruko hausnarketa bat oso ongi etorriko litzatekeela pentsatu, eta erabaki genuen hura izan zitekeela pertsona egokiena horretarako".