Goieskolak, Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren sareak, 25 urte bete ditu aurten, eta Eskoriatzako Luis Ezeiza eskolak, berriz, 55 urte. Bi urteurren horiek ospatzeko aukera izan dute ikas-komunitatearekin batera gaur. Izan ere, Eskoriatzan, Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatzen dabiltza.
Goizean goizetik, hainbat ekintza izan dira: gimnasia erritmikoko ikasleen erakustaldiak, oihal akrobaziak, eskulan eta tailerrak egiteko aukera, aurpegiak ere margotu dituzte hainbat neska-mutikok... Eguerdian, berriz, Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna izan da lepo bete den herriko plazan.
Txarangak eta erraldoi eta buruhandiek girotu dituzte kaleak gero, eta elkarrekin bazkaltzera joan dira gero hainbat eta hainbat debagoiendar. Arratsaldean ere hainbat ekintza izango dira.
Aurten, bigarrenez egin dute ospakizuna, 2018an egin zuten lehena, eta momentuz, antolatzaileak "oso pozik" daude egunak izan duen harrerarekin, izan ere, adierazi dute goizeko autobusak "jendez beteta" joan direla, esaterako.