Alderdi jeltzaleak herritarrak prezioen igoeraren aurrean babesteko laguntza programak eskatu ditu

Julen Murua Mesonero 2026ko apirilaren 16a

Eskoriatzako herrigunea. Argazkia: Eskoriatzako EAJ.

Proposamen zerrenda bat egin dio talde jeltzaleak Udal Gobernuari, "egungo ziurgabetasun ekonomikoari eta bizitzaren garestitzeari aurre egiteko" helburuarekin.

Eskoriatzako EAJren udal taldeak eskatu dio EH Bilduren Udal Gobernuari "bere eskumenen barruan jardutea prezioen neurrigabeko igoerak familietan, autonomoetan eta tokiko merkataritzan duen eragina arintzeko, neurri errealistak eta eraginkorrak bultzatuz". Horretarako, "egungo ziurgabetasun ekonomikoari eta bizitzaren garestitzeari aurre egiteko, udalerriko bizilagunen ongizatea babesteko eta tokiko ehun ekonomikoa indartzeko helburuarekin", proposamen sorta bat aurkeztu dute jeltzaleek.

Egindako proposamenak

Lehenengo eta behin, EAJk Udal Gobernuari proposatu dio "erosketa bonuen programa
indartzea, tokiko merkataritzari laguntzeko bideratutako partida ekonomikoa bikoiztuz, herrian kontsumoa sustatuz eta prezioen igoeraren eragina murriztuz. Era berean, elektrizitatea, gasa edo ura bezalako oinarrizko horniduren ordainketari aurre egiteko zailtasun handienak dituzten pertsonei laguntzeko bonu sozialak aktibatzea" planteatzen du alderdi jeltzaleak.

Hori ez ezik, udal egutegi fiskala "malgutzea" eskatzen du "tasak eta zergak geroratzea eta zatikatzea erraztuz, familien, autonomoen eta negozio txikien karga ekonomikoa arintzeko, testuinguru bereziki konplexu batean".

Proposamen horiekin, "pertsonei laguntzea, zaurgarritasun egoeran dauden familiak babestea eta tokiko merkataritzari laguntzea" gura du Eskoriatzako EAJk, eta uste du "herritarren egunerokoan eragin zuzena izango duten tresna erabilgarriak aktibatu behar dituela" Udal Gobernuak.

Era beran, jeltzaleek adierazi dute ekimen honen bitartez erakusten dutela EAJk "udalerriaren hobekuntzan duen inplikazio aktiboa", eta EH Bilduren Udal Gobernuari erakusten diotela "neurri horiek martxan jartzeko elkarrekin lan egiteko" gogoa, "elkarlanerako borondatea berretsiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak