Mendiko ura erabiltzen duten baserrietan eta etxeetan Uraren Euskal Agentziaren gutunak jasotzen dabiltza egunotan. Eskutitzok adierazten dute uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzaldiko Errege Dekretua betearazi nahi dietela, Eusko Jaurlaritzaren 2017ko apirilaren 24ko Agindua aplikatuta, eta horrek eragingo luke erabileraren gastuak euren gain hartzea eta indibidualki kontagailuak jartzea eta mantentzea, kontagailuaren datuen irakurketak egitea eta horiek Uraren Euskal Agentziari bidaltzea, uraren osasun-txostena egitea eta helaraztea, eta ura erabiltzeagatik kanona ordaintzea.
Hori dela eta, Uraren Euskal Agentziaren jardunaren aurkako sinadura bilketa egingo dute –Errezilen eta Azkoitian ere egin dute– euren "desadostasuna eta haserrea adierazteko helburuarekin". Apirilaren 6an hasiko dute sinadura bilketa, eta kaltetuek edo kaltetuekin bat datozenek, apirilaren 24ra arte izango dute sinadura bilketan parte hartzeko aukera, Eskoriatzako auzo-alkateengana zuzenean joanda edo Eskoriatzako udaletxeko harrerara joanda.
Agentziari eskaerak
Eskoriatzako elizateetako alkateek diotenez, agindu hori "ez da inolaz ere berdintasun printzipioetan oinarritzen", eta zera jakinarazi gura izan dute: "Iturri horietako ura gure etxeetara ekartzeko lanak guk geuk egin eta ordaindu ditugu, baita ur-biltegiak eraiki eta hainbat urtez mantendu ere. Esan gabe doa instalazio horietara guztietara iristeko bideak garbitu behar izaten ditugula. Hoditerian arazoak izaten dira (hodiak zikindu, puskatu, zahartu...) eta horien konponketa lanak ere guk geuk egin eta ordaindu behar izaten ditugu, eta gertatu izan zaigu, arazo horien ondorioz, hainbat egunez urik gabe egon izan beharra. Gainera, iturrien emaria ez da ziurra eta ur-hornidura guk gauzatu behar izaten dugu, ura kamioi zisternen bitartez ekarrita. Agerian geratzen den moduan, guk etxean ura izan dezagun, lanak eta gastuak handiak dira".
Nabarmendu dute Uraren agentziak ez duela "inolako ardurarik hartu eta ez du hartuko horretan guztian", eta "ardura horiek gureak eta gure gain hartu beharrekoak izaten jarraitzen duten arren, eskakizunak gehitu eta urtero ura erabiltzeagatik ordaintzera behartzen gaitu". Halaber, elizateetako ordezkariek ulertzen dute "herriko ura kontsumitzen dutenek ordaindu behar izatea, jasotzen duten zerbitzua erabatekoa delako", baina ez datoz bat herriko ura eta mendiko ura jasotzen duten herritarren artean ezarritako ezberdintasunekin: "Gure kasuan, hori ez da horrela; lan eta gastu guztiak geure gain daude, eta aurrerantzean ere egongo dira. Zer dela eta behartzen gaituzte gutunetako eskakizunak bete eta kanona ordaintzera, ordainetan ezer jaso behar ez badugu? Ura publikoa da eta denok behar-beharrezkoa dugu bizitzeko, guk ere bai".
Hala, bi eskaera egin diote Uraren agentziari: "Prozesu honetako arduraduna herritarrekin biltzea eta herritarrak entzutea nahi dugu gure egoera zein den ulertzeko. Bitartean, gure eskubideak urratzen ari direla agerikoa denez, prozedimendu guztiak bertan behera uztea beharrezkoa da elkarrekin zuzenean hitz egin eta gaia argitu arte; izan ere, gutunetan Ura agentziak adierazten digunez, eskakizunok betetzen ez baditugu, zigortu egin
nahi gaituzte isunen bidez".