Nola bizi izan zenuen Korrikaren amaieraren une hura?
Oso polita eta hunkigarria izan zen; azkeneko kilometro hura zazpiok elkarrekin egitea, sekulako poza! Eta ikaragarriak, era berean, hainbat jenderi aurrez gezurra esan eta ekitaldiaren ondoren jasotako zorion mezuak eta besarkadak.
Zer izan da mezua idazteko proposamena jasotzea?
Gipuzkoari buruz berba egiterakoan Debagoiena ahaztuta geratzen da askotan; beraz, ordezkaritza hori izateak poztu egin ninduen, eta, aldi berean, ardura ere sentitu nuen, baina argi nuen ezin nuela ezetzik eman; oso interesgarria iruditzen zait testuaren ardura ahots bakarretik kolektibora pasatzea.
Ez zen samurra izango bukaeraraino sekretua gordetzea.
Gogorra izan da gertukoei gezurra esatea edo ezkutuan kontu hori gordetzea. Korrikako hasierako egunetan erabaki nuen ekimenetik urrun egotea, asko mugitzen zizkidalako barrenak. Azkeneko egunetan, baina, bereziki Gasteizen Haizea ahizpak lekukoa hartu zuenean eta Korrika Debagoienean sartu zenean, jarraitzen egon nintzen eta asko hunkitu nintzen; hortaz, gorabeheratsua izan da aurtengo Korrika bizitzea, eta hurrengo Korrikak beste begirada batekin biziko ditudala uste dut.

Nola eragiten du Korrikak zu bezalako euskal sortzaileen lanetan?
Hainbat funtzio betetzen ditu Korrikak, eta aurrean ditugun erronkei begira lortzen duen herrien aktibazioa da horietako bat; era berean, Korrika Kulturala ere ekimen oso interesgarria iruditzen zait. Sortzaileen lanei dagokienez, orokorrean, ez dakit zenbateko erakusleihoa den Korrika, nahiz eta egunotan askok esan didaten nire liburuak izango duen harreran eragingo duela Korrikan parte hartu izanak.
"Argi nuen zer nahi nuen, eta emaitza oso gertu dago hortik; beraz, oso pozik nago"
Har dezagun Zerua hemen liburua eskuetan; gustura zaude?
Lan handia egin dut proiektuan eta pozik nago emaitzarekin; izan ere, argi nuen zer nahi nuen egin, eta emaitza oso gertu dago hortik. Orain dela bost urte argitaratu nuen Lazunak azkazaletan poema-liburuarekin alderatuta, idazketa kontzienteagoa izan dela uste dut, adinaren eta ordutik hona irakurri ditudan poema mordoen eraginez, seguru asko; hala ere, liburu berriaren estiloa aurrekoarekiko fidela dela iruditzen zait.
Susa argitaletxearekin argitaratu duzu berriz.
Aurreko liburua dela-eta harreman ona egin genuenez, ez nuen zalantzarik izan; iruditzen zait, gainera, euskal poesiaren alde lan handia egiten duela bereziki Susa argitaletxeak.
"Aita hil osteko eta pare bat urteko bizipenen kronika edo jasoketa da poema-bilduma"
74 poema batu dituzu, segidan, ataletan banatu barik, baina badute elkarren artean loturarik?
Abiapuntua gure aitaren heriotzaren osteko dolua izan da, eta aita hil osteko eta pare bat urteko bizipenen kronika edo jasoketa da bilduma; poemek elkarren artean duten antzekotasunari edo batzen dituenari erantzunez, adibidez, gutxi gorabehera espazio beretan eta denbora tarte antzerakoan gertatzen direla eta iruditeria ere partekatzen dutela esango nuke.
Zelako poemak dira?
Poema batzuk minari lotuago daude eta beste batzuek detaile txikiagoak dituzte oinarri; esaterako, naturari buruzkoak daude, eta, orokorrean, alaiagoak dira. Narratiboenak direnek halako hezurdura bat markatzen dute; aipatu dudan minetik pozerako bidaia hori gorabeheratsua izan den erakusle. Ez da dolu-liburu bat, doluan dagoen pertsona baten bizipenak baizik. Tamainari begiratuta ere askotarikoak daude, bost lerro baino gutxiagokoak ere badaude.
Debagoieneko euskarari ere tokia egin nahi izan diozu.
Ni poetikoak nondik berba egiten duen ikusarazteko erabili dudan baliabide bat da euskalkia, esaterako, aitak berba egiten duen poemetan. Ahozkoa idatzira ekartzen probatu gura nuen, iruditzen zait-eta euskalkian idatzitakoak bestelako emozionalitate bat ematen diola mezuari eta beste modu batera heltzen dela hartzailearengana.
Eta zer diozu izenburuari buruz?
Zerua asko errepikatzen den irudia dela konturatu nintzen eta zerua badela zerbait orohar- tzailea, aldakorra den arren zerua beti dagoelako hor. Irudi horrekin jolastuta, Zerua hemen izenburuarekin poema guztiak oso ondo barnebilduta geratzen ziren eta liburuaren azaleko irudiarekin ere oso bat zetorren.
Zelako feedbacka jaso duzu?
Denbora gutxi da liburua kalean dagoela, baina gertukoak hunkitu egin dira, barre egin dute eta baita negar ere; hortaz, irakurleei bidaia hori planteatzea zenez nire helburua, pozik nago!
Nori eskaini diozu?
Aitari, haren heriotzaren doluari buruz idatzi nahi nuelako. Doluaren parte agerikoena pasatu den arren, haren falta sentitzen dut une askotan. Bion arteko elkarrizketa bat da liburua, hura falta den bi urte horietan zer egin dudan hari kontatzeko modu bat.