Etxetik gertu zabiltza Haur Hezkuntzako gradua ikasten; zer dela-eta aukeratu zenuen bide hori?
Ez zen nire lehenengo aukera izan; izan ere, batxilergoko lehenengo urtea zientziaren arlotik bideratu nuen. Ikusi nuen irakasgai batzuk ez zitzaizkidala gustatzen, eta bigarren urtean gizartearen arlotik jo nuen. Gero, Katalunia aldera nahi nuen joan, Haur Hezkuntza ikastera, baina, azkenean, nota kontuengatik, hemen gelditzea erabaki nuen. Azkenengo momentuko erabakia izan zen, baina ez naiz batere damutzen. Nahiko talde polita sortu dugu eta lagun berri asko egin ditut.
Zein zen zure ikasgai gustukoena? Irakasle moduan non ikusten duzu zeure burua?
Ikasle garaian gehien gustatzen zitzaizkidan ikasgaiak kirolarekin lotutakoak ziren. Familian oso kirolariak izan gara betidanik. Horrez gain, matematika ere gustatzen zitzaidan, baina, adinean gora eginda, geroz eta gehiago kostatzen zitzaidan. Irakasle moduan neure burua herritik kanpo ikusten nuen hasieran, baina praktikaldietan konturatu naiz gustatzen zaidala etxetik gertu lan egitearena. Etorkizunera begira, ez dut aukerarik baztertzen.
Nola daramazu ikasketak eta lana batera uztartzea?
Batzuetan, estresatuta ibiltzen naiz, baina ordenagailua lanera eramateko aukera izaten dut, eta jendea ez dagoenean aprobetxatzen dut unibertsitateko lanak egiteko. Beste zaletasun batzuetarako denbora kentzen dit, baina tira, ikasketei eta lanari dagokienez esango nuke aurkitu dudala biak aldi berean uztartzeko oreka.
Anaia bikia duzu; harreman estuak osatzen dira halakoetan. Zuena ere halakoa da?
Lau anai-arreba gara, eta, harreman guztietan gertatzen den bezala, izaten ditugu gure haserreak eta poztasun egoerak ere. Gorabeheratsuak izatea normala da, pertsona bakoitza ezberdina delako. Ezinbesteko harremanak dira niretzat bizitzan, eta betiko izango ditut.
Aisialdian futbolean jokatzen duzu; ikustea ere gustuko duzu? Hala bada, nola bizi izan zenuen Espainiako Kopako finalaurreko partidua?
Asko gustatzen zait, bai. Bartzelona eta Reala gustatzen zaizkit, eta egon naiz Bilbon emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala ikusten, Lisboan ere izan gara, eta telebistatik asko jarraitzen dugu futbola. Espainiako Kopako finalaurreko partidua asko gozatu nuen, eta asko poztu ninduen Realak Sevillan jokatzeko aukera izateak. Onartu behar dut nahiago nuela Bartzelonak eta Realak jokatzea finala, baina tira, pozik nago. Sevillara joango ez naizen arren, telebistatik jarraituko dugu partidua, ziur.
Debagoiena Bailara taldean jokatuta, nola daramazu Oñatira eta Aretxabaletara joan behar izatea?
Taldean oso giro ona dugu; oso gustura ari naiz. Entrenamenduak eta partiduak Oñatin eta Aretxabaletan izaten ditugu, eta joan-etorriak autoz egiten ditugu. Eskerrak taldekide batzuek gidabaimena dutela, bestela bi autobus hartu beharko genituzke-eta Oñatira iristeko.
Baduzu bestelako zaletasunik?
Aisialdian lagunekin eta familiarekin denbora igarotzea gustatzen zait; pelikulak ikusi, kontzertuetara joan, trago bat hartu... Gertukoenekin horiek egitea gustatzen zait.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Amandrearen arroza.
Eta gorrotatuena? Berakatza.
Abesti bat? Saldu genizun.
Bidaiatzeko toki bat? Norvegia.
Bailarako mendi bat? Ganborralde.
Eskoriatzako txoko bat? Mazmela, dudarik gabe.