Amaia Arrieta: "Haurrak ez du eraso egiten min egiteko, arriskuan dagoelako baizik"

Imanol Beloki Unamuno 2026ko martxoaren 13a

Amaia Arrieta Arrasateko Magala espazioan.

Tipi-tapa Guraso Elkarteak antolatuta, 0 eta 6 urte bitarteko haurren guraso eta hezitzaileentzat Eraso jokabidea izeneko hitzaldia izango da martxoaren 16an, kultura etxean, 17:30ean, Arrasateko Magala espazioko pedagogikoko Amaia Arrieta irakasleen eskutik.

Eraso jokabidea izango duzu berbagai gaurko saioan. Beharrezkoa da gaia lantzea?

Ohikoak dira haurren arteko erasoak adin tarte honetan. Baina ohikoak diren arren, asko kezkatzen gaituzte haurren inguruan gauden familiei eta profesionalei. Kudeatzeko erreza ez den gai bat da eta uste oker asko dago gaiaren inguruan.

Koskadak, bultzadak edo atximurkadak ohikoak dira sarri adin horretan. Zein faktorek eragiten dute jokabide horietan?

Eraso jokabidea, berezko jokabide bat da. Eta berezko jokabide guztiak bezala, ez da ikasten. Beraiekin jaiotzen gara eta bizirautea dute helburu. Hortaz esan dezakegu, eraso jokabidea edo agresibitatea, berezkoa den zerbait dela. Jokabide hau beharrezkoa izan da urte luzez bizirauteko, baina gaur egun, gure gizarte eta testuinguru konkretu honetan, erasoa ez da sarri onartzen. Honen ondorioz lanketa beharrezkoa da, pultsio hori beste adierazpen mota desberdinetan bihurtzen ikasteko. Berezko jokabide hau, aktibatu eta desaktibatu egiten da. Haurra ongizatean dagoenean, ez dauka eraso jokabidea aktibatuta, hortaz ez du erasotuko. Baina badaude adin tarte horretan, jokabide hori aktibatzen dituzten faktore asko. Batzuk aipatzearren, ahozko hizkuntzaz komunikatzeko nahikoa gaitasun ez izatea, mugak oraindik barneratuta ez izatea, jolasa eta errealitatea oraindik ez bereiztea edota minaren kontzientzia baxua izatea. Haurrak erasotuak sentitzen direnean, objekturen bat kentzen dietenean, amorrua dutenean, zuzenean jotzen dute erasora. Beren burua defendatzeko modu bat da. Pultsio horri beste bide bat ematen ikasi egiten dute poliki poliki.

Zer da funtsezkoa halako egoera batean. Badago sekreturik?

Haurrak harremantzeko, defendatzeko eta pultsio hori bideratzeko beste modu batzuk bilatzen ditu helduaren laguntzarekin. Hor zailtasunak daudenean, eta erasoa jarraitua edo neurriz gaindikoa denean, beste maila bateko laguntza behar izaten da. Etengabe erasotzen ari den haurra zerbait esaten ari zaigu, eta hor jarri behar dugu begirada. Haurraren eraso jokabide hori denbora luzez mantentzen bada, garrantzitsua da lanketa egitea.

"Erasoa neurriz gaindikoa denean, beste maila bateko laguntza behar izaten da"

Oso garrantzitsua da, haur horren inguruan dauden helduen artean, koherentzia mantentzea eta egoera elkarrekin lantzea. Eraso egiten duen haurra, sarri izaten da zigortua. Entzuten dituen mezuekin, helburuek helarazten dieten begirada zorrotzekin… eta ez dugu ahaztu behar, erasotzen duen haurra dela laguntza behar duena. Haur txiki batek ez du eraso egiten min egiteko intentzioarekin, bera arriskuan dagoelako baizik. Hori ulertzea oso garrantzitsua da egoera iraultzeko.

Behar dira halako azalpenak, berbaldiak… gurasoek behar dute laguntza? Nola dago egoera gizartean?

 

Beti dator ondo halako gaien inguruan aritzea eta elkar laguntzea. Haurren hezkuntzan bueltan, zalantzak, kezkak eta beldurrak eguneroko gai dira. Eta geroz eta gehiago esango nuke gainera. Korronte desberdinak daude, informazioa inoiz baino gehiago, baina aukera asko dagoenean, ba askotan galdu ere egiten gara. Gurasoek asko eskertzen dute gai hauen bueltan egiten diren saioak. Magala bera, eskaera horri erantzuteko ere jaio zen.

 

Magala espazioan ez da tratatzen den gai bakarra. Adin tarte askotariko haurren hezitzaile eta gurasoentzako saioak egin izan dituzue, ezta?

 

Bai. Familien eta hezkuntzan bueltan ari garen profesionalen interesen arabera antolatzen ditugu saioak. Orokorrean kezka sortzen dutenak izaten dira. Mugimendu askea, psikomotrizitatea, mugak eta arauak, aitatasuna, esfinterren kontrola…

 

Magala espazioaren hasiera, ordutik hona egindakoak, helburua, zenbat profesional zaudete, erronkak…

 

Iaz zabaldu zituen ateak Magalak. Magala, Herrira eta bailarara zabalik dagoen espazio pedagogiko bat da. Uribe auzoan dagoen Uribarri gunean kokatuta dagoena. Espazio hori astean zehar 9:00-16:30 bitarte zabalik dago eta 0-2 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako prestatuta dago. Oso espazio goxoa da eta haur txikientzako guztiz egokia. Ez da Ikastolako komunitatearentzako bakarrik sortu den zerbait. Ikastolatik, herrira egiten dugun eskaintza bat da Magala espazioa. Espazio fisioaz gain, hilean behin saioak egiten ditugu eta hauek ere herrira eta bailarara zabalik daude. Saio hauetan hizlari modura Ikastolako profesionalak eta gurasoak egoten gara gehienetan. Gure komunitatean gai desberdinen inguruan lanean dihardugun profesional, ikasle ohi eta familia asko gaude eta jakintza hori partekatzeko eta eskaintzeko helburuarekin sortu zen Magala. Magala komunitate bihurtzen ari da poliki poliki. Haurren hezkuntzaren bueltan elkar laguntzeko espazio bat. Erronkak? Ba elkar laguntzen jarraitzea. Herriko eta bailarako familia eta haur hezkuntzako profesionalen arteko topagune izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak