Debagoieneko bertsolaritzaren harrobiak jendaurreko erakustaldia egin du gaur arratsaldean Bergaran, Seminarixoko agertokian. Izan ere, bertan egon da jokoan Gelatik Plazara sariketako bailarako saioa.
Biko, hiruko zein lauko taldetan banatuta, Bergarako, Oñatiko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako 17 neska-mutikok erakutsi dute gaur bertsolaritzarako duten trebetasuna. Askotariko lau ariketa egin behar izan dituzte bertsolari gaztetxoek Mirari Sagarzazu gai-jartzailearen esanetara. Behin egin beharreko guztiak eginda, Itoitz Herrera eta Ekain Ortiz izan dira apirilaren 18an, Bertso Eskolen Egunaren baitan Lazkaon egingo den sariketaren finalera.
Bertsozaleen Elkartetik sustatutako Gelatik Plazara sariketak, ikastetxeetan zein bertso eskoletan dabiltzan bertsolari gaztetxoei publikoaren aurrean aritzera trebatzeko aukera ematea du helburu. Gaurko saioak, gainera, piztu du interesa eta ez dira gutxi izan Seminarixoan elkartu diren parte-hartzaileen senide, lagun eta bestelako bertso-zaleak.