Atxorrotx Kultura Elkarteko presidentea Juan Luis Zubizarreta da, eta batzordeko gainerako kideak Edorta Barandiaran, Iñaki Kortazar, Bittor Gurrutxaga, Oskar Escribano eta Lierni Altuna dira. Hala, zenbait urtez talde bera aritu ondoren, batzar orokorrera begira batzordeko kideak berritzeko garaia iritsi dela azaldu dute elkarteko ordezkariek, erreleboa modu naturalean eta pausoz pauso egiteko asmoz.
Odol berri bila
"Gaur egun, 90 bazkide inguru gara Atxorrotx Kultura Elkartean, eta hileroko kuota hamar eurokoa da. Azkenaldian bazkide berri batzuk etorri diren arren, motelduta gaudela sumatu dugu; urtero antzeko ekintzak egiten ditugu… Jende berriarekin, eta, batez ere, gazteekin, ideia freskoak eta ikuspegi berriak ekarri nahi ditugu, Eskoriatzako kultura ekitaldiak berritzeko asmoz", azaldu du Juan Luis Zubizarretak, elkarteko presidenteak. Bazkide berriak erakartzeko kanpainaren bidez belaunaldi arteko transmisioa indartu eta parte-hartze aktiboagoa sustatu nahi dutela gaineratu du.
Bazkide kanpaina martxoaren 1ean hasita, apirilaren 25ean amaituko dute
Ohiko ekintzak mantendu
Elkarteak urtean zehar hainbat jarduera antolatzen ditu: maiatzean Atxorrotx Kultura Elkartearen Eguna –aurten, maiatzaren 9an–; azken edizioetan, antolakuntza-lanak Atxorrotx Kultura Elkarteak bere gain hartu dituen zazpi elizateen oinezko martxa –aurten, maiatzaren 24an–; ekainean, Kontzejupe eskupilota txapelketa; Errekan Gora ekimena; ardo dastaketa; eta Inkernu tabernan egiten diren hileroko kontzertuak. Horrez gain, Aste Zapatistari eta Kirol Elkarteari eta bestelako herriko talde eta eragileei laguntzeko prest egoten direla azaldu dute, eta aurten Korrikan ere parte hartuko dute. Elkartearen lanen artean, Errigorako kanpainen koordinazioa ere eramaten dute Eskoriatzan; horren baitan, laster hasiko da udaberriko kanpaina. "Ekintza horiez gain, urte amaieran egiten den Silbestradian ere laguntzen dugu, eta Gabez Takarraran egiten zenean ere gure aletxoa jartzen genuen", zehaztu du Zubizarretak. Jarduera eskaintza sendoa dutela nabarmendu arren, berrikuntzarako eta parte-hartze handiagoa sustatzeko unea dela uste dute: "Helburua ez da soilik bazkide kopurua handitzea, komunitatea indartzea eta kultura dinamika biziagoa sortzea baizik".
Inkernuko bilakaera
Inkernun antolatzen diren kontzertuen antolaketan ere aldaketak izan dira. Gazte talde bati eman zaio ardura, kontzertuak antolatzeko aginte makila haien esku utzita. Horrela, musika talde berriei ateak ireki nahi dizkiete, estilo eta askotariko proposamenak eskainiz eta publiko gaztea erakartzeko asmoz. "Gazteei protagonismoa ematea funtsezkoa da etorkizunerako. Haiek dira biharko elkartea, eta gaurdanik parte sentitu behar dute", gaineratu dute.
Informazio gehiago nahi duenak edo ekarpen eta proposamenak egin nahi dituenak aukera duela azaldu dute elkarteko kideek. Horretarako, hain zuzen ere, inkernu@atxorrotx.eus helbidera idatzi edo zuzenean Atxorrotx Kultura Elkarteko batzordeko edozein pertsonarekin harremanetan jarri beharko du.