Kantu-eskean hasi, euripean segi, eta dantzatzen eman diote amaiera jaiei

Imanol Beloki Unamuno 2026ko otsailaren 19a

Joseina Etxeberria (Aitzol Zubizarreta), Bittor Barandiaran (Ione Uriarte) eta Jon Gotzon Aldaparena (Miren Zubillaga).

Urdelardero Egunarekin hasi eta Kukumarro Egunarekin amaitu dituzte Aratusteak, Eskoriatzan.

Urdelardero eguna giro onean ospatu zuten gaztetxoek; zapatua, ordea, euripean igaro behar izan zuten eskoriatzarrek. Egoerari aurre egiteko, Udalak Joseba Iñurrategi pilotalekua ireki zuen, batez ere mozorro-desfile lehiaketan parte hartu nahi zutenak bertan elkartzeko. Ondoren, ia 600 lagun bildu ziren herri-bazkarian, Manuel Muñoz kiroldegian. Bazkalostean, frontoiko ateak berriz ireki zituzten, eta txikienek puzgarrietan gozatzeko aukera izan zuten.

Mozorro desfile-lehiaketa

Pilotalekuan elkartu ziren lehenik mozorro desfile-lehiaketan parte hartu nahi zutenak. Han, bira bat eman zuten, eta herritarrek harmailetatik jarraitu ahal izan zuten ekitaldia. Euria apur bat baretu zenean, desfilean parte hartu zutenek plazarainoko bidea egin zuten, eta Udalak goizeko lehenengo orduan jakinarazi moduan, ez zen bertan behera geratu lehiaketa.

Mozorro desfile sari banaketa taula.

Sari banaketan hainbat kategoria eta adin-tartetako sariak banatu ziren: 80 euroko lau sari eta 160 euroko hiru sari, baita 100 euroko bi sari ere. 16 urtetik beherakoen kategorian, honakoak izan ziren saridunak: Mito Aroa-Zetak (Originaltasuna), Formula 1 (Animazioa) eta Eskiadorak (Muntaia) eta sari sorpresa (Bakeroak). 16 urtetik gorakoen kategorian honakoak izan ziren saridunak: Villa Intxaurtueta eta Villa Aranburuzabala (Originaltasuna), Artaldea (Animazioa), Merkogoiena (Muntaia), Matriuskak (Banaka edo binakakoan) eta Caravana del amor (sari sorpresa). Adin askotarikoen kategorian, berriz, Esko-prix taldeak 160 euroko saria jaso zuen.

Kukumarruak eta dantzak

Aratuste-martitzenean, berriz, herriko ikastetxeetako haurrak kalejiran kiroldegira joan ziren, eta inauterietako ekitaldia egin zuten bertan. Soinean euskal inauterietako jantzi ezberdinak jantzita zituztela egin zuten dantzan. Arratsaldean, berriz, mozorroek eta pertsonaia ezberdinek hartu zituzten kaleak, eta kalejiran, Fernando Plazarako bidea egin zuten Aratusteei agurra emateko. Horretarako, inauterietako dantzak egin zituzten: Martxa, Kontradantza, Dantzaluze, Baztango zortzikoa, Buhamiak, Momotxorro, Nasteborraste eta Fandago arin arina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak