Dantzek hartuko dute protagonismoa Kukumarro Egunean

Imanol Beloki Unamuno 2026ko otsailaren 16a

Iaz, Aratuste-martitzenan egindako dantzetako une bat. Argazkia: Garikoitz Barandiaran

Bihar, Aratuste-martitzena, Kukumarro Eguna ospatuko da Eskoriatzan; aurten lehenbiziko aldiz izen horrekin. Herriko haurren kalejirarekin eta dantzaldiarekin hasiko da eguna, eta arratsaldean jarraituko du festa-egunak, 17:15ean irtengo baitira kalera eguneko protagonistak, kukumarroak.

Eskoriatzako Inauterietako pertsonaia nagusiak dira kukumarroak; herritarrak zirikatzen eta beldurtzen arituko dira, sabelean mantal loredunarekin, bizkarrean ardi-larrua daramatela, eta puxikarekin haurren isekei erantzuteko gogo biziz irtengo dira. Ondoren, 18:15ean, kukumarroen kalejira egingo da, Ibarraunditik hasita, eta, jarraian, Inauterietako dantzak –Nafarroa Behereko dantza, kontradantza, dantza luzea, Baztango zortzikoa, buhameak, Altsasuko Inauteria eta Eskoriatzakoa Nasteborraste–.

Kukumarroa Eskoriatzako kalejiran. Argazkia. Garikoitz Barandiaran

Dantzekin plaza betetzeko asmoz

"Gorosarri Dantza Taldetik 82 pertsona irtengo dira dantzara, eta aurrez horiek ikasteko antolatutako ikastaroan hemezortzi lagun aritu dira. Beraz, 100 pertsona izango gara Kukumarro Eguna ospatzen. Beldur gara, ea plaza txiki geratuko ote zaigun… Herri Inauteriak bultzatu nahian, oraingoz ez dugu parte hartzaileen kopurua mugatu nahi, eta ez dugu emanaldi perfektua egin nahi, Aratusteak kaosa direlako. Beraz, jendea gurekin parte hartzera gonbidatu nahi dugu, eta helburua herriko jaia herritarren artean ospatzea da", adierazi du Idoia Lahidalgak, Gorosarri Dantza Taldeko irakasleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak