Hamar bat edukiontziren erreketa gaitzetsi du Eskoriatzako EAJk, herritarren artean alarma eragin duen ekintza bandaliko larria dela eta udalerriari kalte ekonomiko handia eragin diona dela azalduz.
Proposamenak eta lankidetza instituzionala
Testuinguru horretan, EAJk hainbat neurri proposatu dizkio EH Bilduren Udal Gobernuari ekintza bandaliko horiei amaiera ematen saiatzeko. Lehenik eta behin, udaltzaingoaren presentzia kalean bertan indartzea eta Ertzaintzarekiko koordinazioa areagotzea proposatu dute. EAJko bozeramaile Josu Ezkurdiak adierazi duenez, "bi poliziek erakundeen eta herritarren babesa merezi dute, haien lankidetza funtsezkoa baita. Udalari eskua luzatzen diogu proposamen horiek edo bandalismo ekintza horiekin amaitzen lagunduko duten beste batzuk martxan jartzen laguntzeko", adierazi du Ezkurdiak.
EAJk bizikidetzarekin, espazioaren eta ondasun publikoen zaintzarekin eta segurtasunarekin duen konpromisoa berretsi du. Eskoriatzar guztien interesak eta ongizatea babestuko dituen kudeaketa arduratsua defendatzen dute.
Pirotekniaren erabilera arautzea
Bestalde, EAJk Kultura Batzordean duen ordezkariak, Antonio Regañok, suzirien, bengalen eta bestelako piroteknia-gaien erabilera arautzea proposatu du. Bere ustez, "bereizi gabe eta kontrolik gabe erabiltzeak, eguneko edo gaueko edozein ordutan, arriskuan jartzen ditu herritarrak".
Erregulazio hori ad-hoc ordenantza baten bidez gauzatzea planteatu dute, tokiko elkarteen eta beren ospakizunetan piroteknia erabiltzen duten kolektibo guztien laguntzarekin. "Ez dugu ezer debekatu nahi, baizik eta erabilera arautu, guztion beharrak eta nahiak kontuan hartuta", adierazi du.
Batzokiaren aurkako erasoa
Azkenik, joan den zapatuan Errementei Batzokia elkarteari egindako erasoa salatu du EAJ, "bere terrazaren kontra nahita bi suziri jaurtita. EAJk edozein indarkeria mota salatzen du, baita komunitatean lekurik ez duten elementu batzuen jarrera intoleranteak eta faxistak ere. Gertaera hauek erabat onartezinak dira. Elkarbizitzarako eta elkarrekiko errespeturako deia egiten dugu ".