Eibar eta Gasteiz arteko DG05 linea indartu du Aldundiak

Imanol Beloki Unamuno 2026ko otsailaren 9a

Azahara Dominguez Huheziko ikasleekin.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak DG05 linea indartu du (Eibar>Eskoriatza>Gasteiz) egunero Eskoriatzako unibertsitatean ikasten duten erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko.

Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi duenez, Eibartik 12:15ean ateratzen den zerbitzua indartu egingo da Arrasateko Zalduspe geltokitik aurrera, Arrasaten edo Aretxabaletan autobus titularra betetzen dela antzematen bada.

Ikasleekin elkarlanean

Ikasle talde batekin –Jone Jimenezek eta Maddalen Etxebarria– bildu zen joan den egubakoitzean, Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua. Autobusa egunero erabiltzen dute horiek Eskoriatzara joateko ikasketak egitera, eta joan den urtearen amaieran kexa bat helarazi zuten, batzuetan Eibartik 12:15ean irteten den autobusa bete egiten zelako Eskoriatzara iritsi aurretik. Diputatuak adierazi duenez, ibilgailuen okupazioari buruzko datuak aztertu ondoren, eta gazteek urtarrilean izan duten geldialdia –azterketa sasoiagatik– eta gero, bere departamentuak erabaki du errefortzu zerbitzu bat jartzea linea horretan, Arrasateko Zalduspeko geltokitik aurrera. Horrela, ibilbidearen autobus titularra Arrasaten edo Aretxabaletan betetzen bada, Eskoriatzan igotzen diren erabiltzaileek zerbitzua bermatua izango dute, errefortzu horri esker.

Hala adierazi dute: "Garraio publikoaren erabilera sustatzeko ezartzen ari garen politikei esker, garraio publikoa hilabetez hilabete igotzen ari dela ikusten ari gara, eta horrek malguak eta bizkorrak izatera behartzen gaitu zerbitzua sortzen ari zaizkigun premia berrietara egokitzeko orduan". Lanean jarraitzeko asmoa agertu dute eta eskerrak eman nahi izan dizkiete bi ikasleei, Gipuzkoako "garraio publikoa hobetzeko agertutako prestutasunagatik".

Bestalde, Jone Jimenezek eta Maddalen Etxebarriak, biak Eskoriatzako campuseko ikasleak, hartutako neurria eskertu dute. "Zerbitzuan izandako aldaketak ikusi ahal izan ditugu departamentuarekin harremanetan jarri ginenetik eta egoeraren berri eman genienetik. Oso eskertuta gaude hain erantzun hurbil eta azkarra eman zaigulako", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak