Gabonetan herrira bueltatzen direnen tankeran, kasu batzuetan urtean zehar elkar ikusten ez duten adin berekoak batzeko hitzordua izan ohi da, eta, egoerak hala eraginda, aurten hirugarren urtez Itzartu Gazte Asanbladak herri-bazkaria antolatu du, nahi duenarentzat. Iaz Manuel Muñoz kiroldegian egin zen arren, aurten Joseba Iñurrategi frontoian egingo da, eta, edukiera osoa beteta, hamasei kinttada batuko dira bertan bazkaltzeko: 360 pertsona. Herri bazkarira batu ez diren kinttada askok, bestalde, Eskoriatzako tabernetan, jatetxeetan eta elkarte gastronomikoetan bazkalduko dute, eta beste batzuek, berriz, Aretxabaletan egin dute bazkaltzeko erreserba.
Hamasei kinttada elkarrekin
Itzartu Gazte Asanbladak antolatutako herri-bazkarian, edukiera osoa bete denez, izen-emate guztien artean zozketa egin da, eta, ondorioz 1968koak eta 1970ekoak kanpoan geratu dira. Hain zuzen ere, urte hauetan jaiotakoak batuko dira bazkarian; 1986, 1987, 1988, 1990, 1992, 1997, 2000, 2001, 2002, 2003, 2004, 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2009.
Eguneko egitaraua
12:30ean topaketa egingo dute Fernando Eskoriatza plazan, 15:00etan bazkaria izango da frontoian, eta 17:30ean Joseto ta Alayak elektrotxarangak girotuko du bazkalostea; frontoian hasita, ibilbidea egingo dute herri erdigunean zehar. Gainera, bazkarian pote bat egongo da hurrez beteta, eta ontzian zenbat hur dauden asmatzen duenak KMO produktuen otarre bat irabaziko du.
Domekan, dantza
Atzo, eguena, dantza egin zuten Fernando Eskoriatza plazan 2008an jaiotako eskoriatzarrek; gaur ere arituko dira herriko kaleetan zehar eta ikastetxeetan eskean; bihar, Kinttaden Egunera batuko dira; eta etzi, domeka, 19:00etan berriz egingo dute dantza herritarren aurrean.
