1,2 miloi inbertituko dira Eskoriatzako AP-1eko bidesaria modernizatzeko

Eki Letona Erretolatza 2026ko otsailaren 5a

Eskoriatzako bidesaria. Argazki: Maps.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko autobideak modernizatzen jarraitzen du, zerbitzua hobetzera bideratutako inbertsio berriekin. Teknologia berrien bidez Eskoriatzako autobideko bidesariaren erabilera erraztuko da, eta arinduko duten lanak udaberrian hasiko dira. 1,2 miloi euroko inbertsioaren helburua da ordainketak erraztea, itxaronaldiak murriztea eta erabilera digital berrietara egokitzea.

Bidesaritik igarotzeko teknologiaren, automatizazioaren eta arintasunaren aldeko apustuari esker, joan-etorri "erosoagoak" eta "azkarragoak" eskaini ahal izango dira, eta, esparru horretan, Bidegi foru sozietateak Eskoriatzako estazioaren berrikuntza integralerako obrak esleitu ditu, AP-1ean, 1,2 milioi euroko inbertsioarekin eta hamabi hilabeteko exekuzio epearekin. Aurreikusita dago lanak martxotik apirilera bitartean hastea.

Gaur egungo ordainlekuak lau sarrera-bide eta beste lau irteera-bide ditu, eta eraberritze integralak, lurraldeko beste estazio batzuetan ezarrita dagoenaren antzekoa, makina automatikoak izango ditu, era guztietako ordainketak, teleordainketa bide berriak eta contactless sistema erabili ahal izateko. Era berean, urrutiko gainbegiratze eta kontrol sistema operatibo bat ere gaituko da,  24 orduz kudeaketa optimizatzeko eta instalazioak funtzionatzeko langileak era presentzialean egoteko beharrik ez duena.

Ordainlekuaren ohiko funtzionamendua eten gabe egingo dira obrak. Horretarako, faseka gauzatuko dira, eta une bakoitzean behar diren desbideratzeak edo errei-aldaketak behar bezala seinaleztatuko dira, trafikoari ahalik eta gutxien eragiteko.

Eskoriatzako jarduketak jarraipena ematen dio Bidegi lurraldeko hainbat tokitan, hala nola Irunen, Orion, Zarautzen eta Oiartzunen, egiten ari den kobrantza-estazioen modernizazio progresiboaren prozesuari. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak