Inauterietako bazkarirako txartelak salgai eta mozorro desfilerako izen-ematea abian

Imanol Beloki Unamuno 2026ko urtarrilaren 30a

Iaz, Eskoriatzako erdigunean, mozorro-desfile-lehiaketaren une bat.

Otsailaren 14an ospatuko da aurten Aratuste-zapatua Eskoriatzan, eta egitarauaren barruan bi hitzordu nagusi izango dira: Manuel Muñoz kiroldegian egingo den herri bazkaria eta Intxaurtxuetatik Santa Marinaraino egingo den mozorro desfile lehiaketa.

Alde batetik, Manuel Muñoz kiroldegian egingo den herri bazkarirako txartelak salgai jarri ditu Udalak. Txartelak erosteko azken eguna otsailaren 8a izango da, eta, horrekin batera, bazkaltzeko lekua erreserbatu beharko da otsailaren 11 baino lehen. Bi menu eskainiko dira: 18 urtetik gorakoentzat 25 euroan eta 17 urtera artekoentzat 15 euroan. Txartelak kiroldegian eskuratu ahal izango dira urtarrilaren 23tik otsailaren 8ra bitartean; kontzejupean, otsailaren 6an soilik, 18:30etik 20:00etara; eta bibe. me webgunean, %10eko gehigarriarekin. Lekua erreserbatzeko.

Bazkalostea DJ Motok (Andoni Moto) girotuko du, eta arratsaldean, 16:15etik 18:15era, Partxis plazan zezen mekanikoa, koltxonetak eta puzgarriak egongo dira. Eguraldi txarra eginez gero, jarduerak Joseba Iñurrategi frontoian egingo dira.

Desfilea, 13:00etan hasita

Bestetik, Eskoriatzako Aratuste-zapatu eguerdian ohikoa den moduan, mozorro desfilea eta lehiaketa ere egingo dira. Desfilea 13:00etan hasiko da, Partxis plazan, eta parte hartu nahi dutenek 12:45erako Manuel Muñoz kiroldegi aurrealdean egon beharko dute. Ibilbidea Intxaurtxuetatik Fernando Eskoriatza plazarainokoa izango da, eta Santa Marina plazan amaituko da.

Ez da derrigorrezkoa aldez aurretik izena ematea, baina antolaketa errazteko udal webgunean erantsitako formularioaren bidez egin ahal izango da eguna baino lehen; bestela, egunean bertan, 12:30etik aurrera, kiroldegi aurrealdean jarriko den mahaian eman ahal izango da izena. Informazio gehiago behar duenak, bestalde, 650 49 51 66 zenbakira deitu dezake. Erakustaldia edo dantzaldia egin nahi duten taldeek plazara iristean egingo dute, gehienez bost minutuz, eta txandak errespetatzeko eta modu ordenatuan egiteko eskatu du Udalak. Sariak eskuratzeko, berriz, desfile osoa egitea derrigorrezkoa izango dela ere nabarmendu dute.

Epaimahaia Udaleko Kultura batzordeak izendatuko du eta sari banaketa, berriz, 18:30ean izango da, Fernando Eskoriatza plazan. Sariak hainbat kategoriatan banatuko dira: 16 urtetik gorakoentzat, originaltasuna, animazioa eta muntaia (160 euro bakoitza), bakarka edo bikoteka (100 euro) eta sari sorpresa (100 euro); 16 urtetik beherakoentzat, originaltasuna, animazioa eta muntaia (80 euro bakoitza) eta sari sorpresa (80 euro); eta familia edo adin askotariko taldeentzat, 160 euroko sari bakarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak