Ane Arrieta: "Erronka nagusia da bakoitza moldetik irtetea eta nahi duen bezalakoa izatea"

Imanol Beloki Unamuno 2026ko otsailaren 1a

Ane Arrieta Umerez psikologo eskoriatzarra.

Ane Arrieta (1999, Eskoriatza), Donostiako EHUn Psikologian graduatua eta Osasun Psikologia Orokorreko masterduna da. Urretxuko Mixtura zentroan egiten du lan, gehienbat haur eta nerabeekin; akonpainamendua ematen die euren terapia-prozesuetan. Gaur egun, haren lan-jardunaren osagarri moduan, jolas terapian formatzen ari da, Euskal Herriko Jolas Terapia Elkartearekin, gazteekin lan egiteko ezinbestekoa iruditzen zaiolako haien beharren, garapenen eta gaitasunen inguruan sakondu eta espezializatzea.

Zerk eraman zintuen psikologiaren mundura eta, bereziki, haur eta nerabeekin lan egitera?

Kasualitatez hasi nintzen Psikologia ikasten. Medikuntza hasi nintzen ikasten, eta, ikasgai gustukoena Psikologia izanda, ikasketak utzi eta hari ekin nion. Psikiatria edo Pediatria egiteko asmoa nuen, baina, azkenean, haurrekin lanean amaitu dut. Diputazioaren programa baten egon nintzen lanean, eta konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala haur eta nerabeekin lan egitea. Gogorra da, sufrimendu asko dago nerabezaroan, baina ezinbestekoa da bertan egiten den lana.

"Psikologia, nire ustez,  ez da laguntza bat; akonpainamendu-prozesu bat da"

Zer garrantzi du akonpainamenduak terapia-prozesuetan?

Legazpiko Mixtura zentroan haur eta nerabeekin egiten dut lan terapia-prozesu indibidualetan, eta, beraz, euren familiekin ere lan egin beharra dago. Akonpainamendu hitza erdarakada da, eta euskaraz itzulpen zuzena lagundu izango litzake. Niretzat, laguntzeak beste konnotazio bat du, praktikoagoa. Pertsona bat arazo batekin dator, eta arazo horrek konponbide bat du, eta nik badakit nola konpondu edo nola lagundu daitekeen. Psikologia, nire ustez, ez da hori, ez da laguntza bat. Akonpainamendu-prozesu bat da; errespetuzkoagoa pertsona bakoitza bizitzen ari den horrekiko: erritmoak zainduz, konponbide praktikoak behartu gabe, ulermenetik… Helduok, orokorrean, ez gaude oso ohituta gizarte bezala akonpainamendua egitera. Laguntzera bai, baina estutasun horretan egotera eta konpontzen saiatzera ez. Honako hau terapiaren xarmetako bat dela esango nuke.

Zer behar edo erronka nagusi daude gaur egun haurren eta nerabeen artean?

Gazteek behar dute entzuten dituztela jakin. Esponjak eta ispiluak bezalakoak direla uste dut nik; esponjak, dena xurgatzen dutelako. Malguak dira, ikasteko gaitasunak dituzte, jokabideak barneratzen dituzte… eta, aldi berean, ispiluak dira, dena islatzen dutelako. Malgutasun horretan, gaitasun handia dute gizarteak eraikitako moldeetara egokitzeko, baina molde horietara egokitzeko gaitasun horrek oztopatu egiten du haur eta gazte izatea, hura naturalki dena. Erronka nagusia da bakoitza molde horretatik irtetea eta nahi duen bezalakoa izatea. Hala ere, ez dakit erronka horrek haur edo gazteena edo gizartearena izan behar duen.

Behar da etengabeko formakuntza eta espezializazioa arlo horretan?

Formazioak ez dakit amaierarik duenik. Espezializazioa ezinbestekoa da gazteekin lan egiteko. Etengabe formatzea ez dakit, baina lan pertsonala egin behar da. Guk, psikologook, lan pertsonala eginda izatea nahitaezkoa da, gure lana ondo egiteko.

Jolas terapiari dagokionez, ekarpena handia da?

Jolasa haurren eta gazteen hizkuntza naturala da; ezinbestekoa. Jolasak potentzial terapeutikoa du haurrengan aldaketa egiteko. Aukera asko ematen ditu aldaketarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak