Testa anai eskoriatzarrek Euskadiko Motoziklismo Federazioaren sari bana jaso dute

Ibai Irasuegi Garai 2026ko urtarrilaren 24a

Enaitz Testa, saria eskuan duela, Eskoriatzako Zaldibar aretoan. Irudia: Goiena.

Zaldibar aretoan egin da sari banaketa, eta Eduardo Gonzalez Euskadiko Motoziklismo Federazioko presidenteak gidatu du ekitaldia. Bertan banatutako 150 sarieEn artean, horietako bi, Enaitz eta Aratz Testa eskoriatzarrentzat izan dira.

Eskoriatzako Zaldibar aretoa bete egin dute euskal motorzaleek. Izan ere, gaur eguerdian, bertan banatu dira Euskadiko Txapelketaren kategoria eta modalitate ia guztietako sariak. 150 sari banatu dituzte guztira; motoziklismo federazioko presidenteak azaldu duenez, ahalik gidari gehienak aitortzea izan delako helburua. "Kategoria eta sari asko izan dira ahalik eta gidari gehienek urte honetako oroitzapen on bat izateko".

Sari banaketa 12:00etan hasi da, eta Gonzalezek gidatuta, federazioko kideez gain, sariak banatzen izan dira Edorta Zubizarreta Eskoriatzako alkatea eta Mikel Luengo Udaleko Ingurumen zinegotzia. Amaitu ondoren, ekitaldira bertaratu direnek mokadu bat hartzeko aukera izan dute. 

Aratz Testa, saria eskuan duela, irudiaren erdialdean. 

Moto-cross modalitatean lehiatzen dira Enaitz eta Aratz Testa. Enaitzek, anaia nagusienak, aitortza jaso du Euskadiko Txapelketan mx2 kategoriako bigarren postua eskuratzeagatik. Aratzen kasuan, saritua izan da junior mx2 kategoriako lehen postua irabazi ondoren.  

Testa anaiak, etxean

Gaurkoan, sari banaketa etxetik gertu izan dute Testa anaiek. "Haien aitak esan zidan ea axola zitzaigun sari banaketa ekitaldia Eskoriatzara ekartzea, eta, gure partetik ez zegoen inongo arazorik. Hala, Udalak dena oso erraz utzi digu ekitaldia egiteko, eta hemen lan egitea oso erosoa izan da guretzako", adierazi du Gonzalezek.  Ekitaldia etxean egitea "berezia" izan dela azpimarratu dute Testa anaiek. 

Denboraldiari dagokionez, "konforme" daude eskoriatzarrak Euskadiko Txapelketan egindako lanarengatik. Eta, aurrera begira, otsailean hasiko da Espainiako Txapelketan "maila onean" aritzea izango dute helburu. 

Munduko txapelduna, euskalduna

Aurten, Beñat Fernandez gidari andoaindarra munduko txapeldun izan da abiadura modalitateko SS 300 kategorian. Lorpen hura "garrantzia handikoa" izan dela azpimarratu dute ekitaldian, izan ere, Euskadiko Motoziklismo Federazioak munduko txapeldun bat daukan lehen aldia izan da.

Fernandez ezin izan da ekitaldira bertaratu, baina, hala ere, haren lorpenari aitortza egin diote ekitaldian. “Harrotzeko zerbait da munduko txapelketa irabazi duen euskal lizentziadun pilotu bat izatea”, nabarmendu du federazioko presidenteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak