Harrobiari kirol balioak eta eskupilotarekiko maitasuna transmititzeko lana egiten

Imanol Beloki Unamuno 2026ko urtarrilaren 23a

Oskar Ruiz de Apodaka entrenatzailea pilotari gaztetxo batzuekin.

Eskoriatzako Pilota Saila sasoi onean dago, eta duela urte batzuk abian jarri zuten Pilota Berpiztuz egitasmoak berebiziko garrantzia hartu du azken urteetan. Proiektu horren bidez, gaztetxoen kategoriek indarra hartu dute, eta parte-hartzea etengabe gorantz doa. 

Oskar Ruiz de Apodaka entrenatzailearen gidaritzapean eta Juan Mari Errastiren laguntzarekin, martitzenetan, eguenetan eta egubakoitzetan batzen dira frontoian, entrenamendu saioak egiteko, 17:00etatik 19:00etara bitartean, eta bertan kategoria txikienetako pilotari gazteak entrenatzen dituzte.

Harrobia lantzen

Entrenamenduak benjamin, alebin eta txikienei, infantil mailara artekoei, zuzenduta egiten dituzte Joseba Iñurrategi pilotalekuan, giro onean eta ikasteko gogoz daudenentzat. Teknikaz gain, kirolaren balioak lantzen dituzte: errespetua, ahalegina eta talde-sena, besteak beste. Horrela, gaztetxoei aukera ematen zaie kirol horretan trebatzeko eta herriko pilota giroa sendotzen jarraitzeko. Hala azaldu dute Eskoriatzako Pilota Sailetik, eta nabarmendu dute pilotari gaztetxoen topagune indartsu bihurtu nahi dutela frontoia, eta, beraz, ateak irekita dituztela pilotazale guztiek, komunitatea indartzeko bidean.

Txapelketa herrikoiak

Udalak, Eskoriatzan eskupilota sustatzeko ahaleginean, gainera, Emakumezkoen Master Cup txapelketako partiduak antolatu zituen urrirako, herrian pilotak bizirik jarraitzeko egin nahi dituen urrats garrantzitsuenetako bat bezala. Hain zuzen ere, Emakumezkoen Master Cup txapelketako lau eta erdiko banakako txapelketari hasiera eman zioten urrian, Joseba Iñurrategi pilotalekuan, eta Eskoriatzako pilotazaleak eta pilotari gazteak frontoian batu ziren. Pilotari gazteek ilusioz hartu zuten ekitaldia, eta lehen mailako pilotarien partiduez gozatzeko tartea izan zuten. Txapelketa herrikoiei dagokienez, bestalde, Kontzejupe Pilota Txapelketak ere indarra hartu du azken urteetan. San Pedro jaien aurretik egiten den txapelketa da; goizean haurrak aritzen dira, eta arratsaldean, helduak. Azken horiei dagokienez, batez ere azken partiduek ikusmira sortzen dute, eta, lehia ikusteko zailtasunak izaten dituztenez pilotazaleek, zuzenean ikusteko pantaila ere jarri zuten iaz. Hala, txapelketa herrikoia bada ere, herriko gaztetxoak bertan aritzeko esperientziara ere animatu nahi dituzte Eskoriatzako Pilota Sailekoek, frontoitik aterata.

Txapelketa herrikoi nagusienarekin batera, elizateetan ere jokatzen dira txapelketak. Adibidez, irailean ospatzen diren Bolibar-Ugazua elizateko jaietan, elizpean eskupilota txapelketa jokatzen dute haurrek, eta abuztuaren 24an San Bartolome jaietan Mazmelako frontoian ere jokatzen dute auzotarrek lagunarteko txapelketa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak