Apotzagan, Okarantza-Elixoste arteko bide zatiko konponketa lanak abenduaren 3an hasi ziren. Ferreira Eraikuntzak enpresa arduratu da obrak egiteaz, eta, kasu horretan, lanak Elixoste baserrira ura sartzen zelako abiatu dituzte, arazo horri irtenbidea ematea helburu nagusitzat hartuta. Horretarako, egungo trazatua berrantolatu egin dute: zoladura zaharra kendu, urak behar bezala bideratzeko egokitzapenak egin eta bidea berriro asfaltatu dute. Azken asfaltatze lan horiek aste honetan bertan egin dituzte. Udalak azaldu duenez, ez da iraupen luzeko obrarik aurreikusten; hala ere, lanek irauten duten bitartean bidea itxita egongo denez, auzotarrei Abadetxe aldetik igarotzen den bidea erabiltzeko eskatu diete, joan-etorrietarako. Lanak egiteko, guztira, 45.000 euroko aurrekontua erabili dute.

Marinen asfaltatze lanak
Marin elizatean, berriz, Santa Madalena elizatik Belategi baserrirainoko bidea asfaltatzeko lanak egin dituzte aste honetan. Hain zuzen, asteazkenean hasi eta ostegunean amaitu zituzten, aurreikusitako epean. Eskoriatzako Udalak azaldu duenez, asfaltatze lanek 40.000 euroko aurrekontua izan dute. Alberto Letona Marin elizateko auzo-alkateak adierazi duenez, auzotarrek oso positibotzat jo dute Eskoriatzako Udalak emandako erantzuna. Izan ere, 2025ean egindako bi eskaerak onartu eta gauzatu direla nabarmendu du. "Ortueta baserritik Erregeena baserrirainoko bidea hartxintxarrezkoa zen, eta urrian porlana bota zuten, egin genuen eskaerari erantzunez. Horrez gain, aste honetan egin diren asfaltatze lanak egiteko eskaera ere onartu zuten. Beraz, pozik gaude, azken bide hau egunero erabiltzen dugunontzat albiste oso ona delako", adierazi du Letonak. Gaineratu duenez, lanak egiteko errepidea ixtea ez da erosoa bizilagunentzat, baina pazientzia izatea ezinbestekoa dela nabarmendu du Maringo auzo-alkateak.

Gellaon, berriz, bide bat konpondu dute, hormigoia botata.
Herriguneko konponketak
Eskoriatzako elizateetako bide horien konponketekin batera, egunotan herriguneko hainbat bide konpontzeko asfaltatze lanei ere ekin dietela jakinarazi du Eskoriatzako Udaleko Obra eta Zerbitzuak Departamentuak.