Eskoriatzako Buztinate elkarteak hamar urteko ibilbidea ospatuko du aurten

Imanol Beloki Unamuno 2026ko urtarrilaren 16a

Zubiaten egiten dituzte Buztinate, buztingintza eta zeramika elkarteko kideek euren saioak.

Eskoriatzako Buztinate buztingintza eta zeramika elkarteak hamar urte beteko ditu aurten, abenduan. Hamarkada bateko ibilbidea ospatzeko urte berezia izango da aurtengoa elkartearentzat, eta, urteurrenaren atarian, hainbat hobekuntza egin dituzte, euren eguneroko jarduna erosoagoa izan dadin. Horien artean, Eskoriatzako Udalak berogailu-sistema jarri du Zubiateko labean, ikastaroak eta tailerrak egiten dituzten espazioan.

Elkarteko kideek azaldu dutenez, hasieratik izan dituzte lokalean hotz arazoak, batez ere neguko hilabeteetan, eta horrek baldintzatu egin izan du jarduna urte luzez. Berogailuaren instalazioarekin, ordea, pauso garrantzitsua eman dute, ikasle zein irakasleentzat lan-giro atseginagoa bermatzeko, eta Udalari eskerrak emateko aprobetxatu dute. "Udalak egitasmoaren aldeko apustua egin du, eta oso-oso eskertuta gaude. Gure aldetik, buztingintzari lotutako ezagutza eta jarduera guztiak herritarren eskura jartzeko konpromisoa hartzen dugu. Horren adierazle da aurten egin ditugun jarduerak: San Pedro jaietan egin genuena, Tipi-tapakoekin elkarlanean egindakoa… Aurten, gainera, festa handi bat egitea aurreikusten dugu hamar urteak ospatzeko", adierazi du Olatz Pagaldayk, Buztinateko kideak.

Azpiegituren garrantzia

Buztinateren lehen ikastaroa 2015ean egin zen, eta, urtebete geroago, 2016an, sortu zen ofizialki elkartea. Hasierako urteetan baliabide gutxirekin ibili baziren ere, pixkanaka egitasmoa sendotuz joan da. Buztinatek haurrentzako eta helduentzako ikastaroak eskaintzen ditu urte osoan, eta Zubiateko lokalean egiten dute elkartearen eguneroko jarduna. Hala ere, bertako labea ez dago erabilgarri, eta horrek mugatu egin du tailerretan sortzen diren piezak bertan erretzeko aukera, baina arazo hori ere konpondu zuten iaz. "Labea ezinbesteko azpiegitura da buztingintza eta zeramika lantzeko, eta erosi egin genuen. Urte askoan irakasleak eramaten zituen gure pieza guztiak, labetik pasa eta bueltan ekarri, baina orain gure labe propioa dugu; ur beroa ere jarri genuen duela urte batzuk; gaur-gaurkoz, hiru tornu ere baditugu, laminadora (ijezteko makina) berria ere badugu… Egin ditugu inbertsio batzuk, eta baliabide eta tresna gehiago jartzen joatea da gure asmoa".

Izen-ematea zabalik

Orain arte bezala, martitzenetan eta eguaztenetan izaten dira saioak. Haurrak 16:45etik 17:45era egongo dira, eta helduak, 18:00etatik 20:00etara. Eta eguazten goizetan, 11:00etatik 13:00etara, helduak soilik. 60 lagunek jasotzen dituzte saioak bertan, eta, plazak beteta dauden arren, itxarote-zerrendarako izena eman nahi duenak 662 21 04 22 telefonora deituta edo eskoriatzabuztina@gmail.com helbidera idatzita egin dezake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak