Ibai Apraiz: "Aukera bat da nire gustu musikala elkarbanatzen dutenak ezagutzeko"

Imanol Beloki Unamuno 2026ko urtarrilaren 15a

Ibai Apraiz saxofonista eskoriatzarra.

Euskal Ikasle Jazz Orkestrak (EIJO) ateak ireki dizkio Ibai Apraiz (Eskoriatza, 2008) saxofonistari. Hautaketa proba gaindituta, beste gazte talentudun batzuekin batera arituko da orkestra entzutetsuan. Hala ere, Arrasateko Big Band gaztean eta Eskoriatzako Ad Libitum txarangan eta musika bandan ere jarraitu nahi du.

Pozik agertu da Apraiz bere azken lorpenarekin. etapa berri bati ekingo dio, eskuartean dituenak albo batera utzi gabe. Hala ere, ez da geldi egotekoa, eta etorkizun hurbilera begira ere baditu erronka berriak begiz jota.

Zer izan da Euskal Ikasle Jazz Orkestran sartzea?

Amets bat eta aukera bat nire gustu musikala elkarbanatzen duten beste musikari batzuk ezagutzeko. Duela urte batzuk Arrasaten ikusi eta asko gustatu zitzaidan; eta izena ematea erabaki nuen. Nire irakasle Zigor Martinezi eta Pablo Ramosi galdetu nien, eta aurrera egiteko esan zidaten. Probak egin, eta onartu egin naute.

Zein proba egiten da?

Nik saxofoiarekin egin dut proba. Donostiako kontserbatoriora hiru partitura ikasita joan behar duzu: jazz estandar bat, Big Bandeko partitura bat eta instrumentu bakoitzarentzat audio bat jartzen dizkizute, eta zein nota jotzen diren jakin behar duzu. Proba abenduaren 13an egin nuen, eta hurrengo egunean jakinarazi zidaten gainditu nuela.

Orain, zer?

Partiturak pasa dizkigute, eta, hilean behin entseatu ostean, uztailean astebeteko egonaldi bat egingo dugu; baita kontzertu batzuk eman ere. Beraz, horiek prestatzea tokatuko da. Hori, EIJOri dagokionez, baina, bestetik, Gasteizko kontserbatorioan ere sartu nahi dut. Irailean prestatzen hasiko naiz, eta, batxilergoa bukatu ostean, Produkzio Musikala ikastea da nire asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak