Proposamenak Santa Marina eta San Juan kaleko eremuetako eraikigarritasuna aldatzea aurreikusten du, egungo berdegunea mantentzeko, eta hasieran aurreikusitako etxebizitzen tamaina txikitzeko, eskuragarriagoak izan daitezen. Obrak lur azpiko aparkaleku publiko bat eraikitzeko ere baliatuko liratekeela adierazi dute. "Eskoriatzan proiektu zehatz eta egingarriak planteatzen ez baditugu, trena galtzeko eta dirua beste herri batzuetan inbertitzeko arriskua dugu", ohartarazi dute oposizioko kideek.
100 etxebizitza publiko eraikitzeko nahia
Onartu berri den Euskadiko Etxebizitza Legearekin eta erakundeen arteko lankidetzarekin, ehun bat etxebizitza publiko eraiki litezkeela alokairu erregimenean adierazi dute jeltzaleek. Josu Ezkurdia Eskoriatzako EAJko bozeramaileak azpimarratu duenez, "etxebizitza benetako arazo bihurtu da bizilagun askorentzat, bereziki gure gazteentzat, beren herrian bizitzen jarraitu nahi dutelako, baina ezin dutelako independentzia lortu". Ildo horretan, defendatu duenez, "udalaren ardura da gure udalerriaren etorkizuna baldintzatzen duten arloetan proiektu estrategikoak bultzatzea".
Ezkurdiak EAJren proposamena berretsi du "kalitatezko etxebizitza publiko baten
aldeko apustu garbia da, eskoriatzarrek beren gain har ditzaketen prezioetan, eta
udalerriaren orainean eta etorkizunean pentsatua".
Jarduera babesteko eskaera
Ekimen honekin, Eskoriatzako alderdi jeltzaleak herritarren eguneroko bizitza hobetzera
bideratutako politika erabilgarri eta errealistekin duen konpromisoa berretsi nahi du, eta eskua luzatzen die udal arduradunei horrelako jarduerak babesteko.