Eguerdiko hamabietarako iritsi dira lehen bisitariak plazara, Olentzeroren eta Mari Domingiren laguntzaileei oparien zerrenda emateko irrikaz. Euskadi Irratiko esatariak ere ez du galdu gura izan momentua, bazekielako eskoriatzarrek kantuan eta umore onez jasoko zutela. Kontzejupean danbolinari eragin eta eragin ibili dira gaztaina saltzaileak, hotzaren aurkako erremedio bikaina esku artean.
Ordubatak aurretik azaldu dira Ad Libitum txarangako musikariak, haiek ere Gabon kantak jotzeko asmoarekin. Erdigunean ez ezik, herritarrak auzoz auzo aritu dira kantuan, Itzartuk deituta. Arratsaldean etorriko direnak Olentzero eta Mari Domingi izango dira, 18:00etan.