Gazte gara gazte

Irati Etxebarrieta: "Belauna bigarrenez hautsi nuenean yoga izan zen nire terapia onena"

Julen Murua Mesonero 2025eko abenduaren 19a

Irati Etxebarrieta eskoriatzarra eskalatzen. Argazkia: Irati Etxebarrieta.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasi zuen Irati Etxebarrieta Altunak (Eskoriatza, 2001), eta gaur egun Athlonen dihardu lanean. Horrez gain, yogako irakaslea da eta eskalada maite du aspalditik.

Betidanik izan duzu kirolarekiko lotura?

Kirolarekiko baino gehiago, jarduera fisikoarekiko. Orokorrean, txiki-txikitatik gurasoek mendira eraman naute domekero, eta, hortik hasita, beti izan dut natur ingurunetara ihes egiteko joera. Horrez gain, egia da bakarkako kirolak egin ditudala beti: hasi atletismotik, eta eskaladaraino. Orokorrean, denetik egitea gustatu zait beti, aktibo mantentzea garrantzitsua da niretzat.

Eskalada gustuko duzu; rokodromoan ibiltzen zara ala kanpora joatea nahiago duzu?

Mendira eta harrira joatea gustatzen zait gehien. Soka modalitatea egin izan dut beti, baina azken urteetan boulderra ezagutu dut, harrian bertan, kanpoan, eta asko gustatu zait. Eskalada rokodromoan ere egin izan dut, baina entrenamendu ikuspuntu batetik.

Bailaratik kanpo eskalatzeko ohiturarik baduzu?

Gure etxea eta eskola Araotz den arren, saiatzen gara asteburuetan kanpora joaten, beste estilo batzuk uztartzeko. Hortaz, bailaratik kanpo, Arabara eta Nafarroara askotan joaten gara. Opor luzeagoak ditugunean, saiatzen gara penintsulako beste toki batzuetara joaten.

Erasmus Argentinan egin zenuen, eta handik bueltan inflexio-puntu handi bat bizi izan zenuen: bi belaunak apurtu, eta yoga ezagutu zenuen.

Oso gogorra izan zen. Argentinatik bueltan, lehenengo belauna hautsi nuen, eta nire indar guztiak jarri nituen errehabilitazioan, eskaladara inoiz baino indartsuago itzultzeko. Horrela izan zen, baina urtebetera beste belauna hautsi nuen eta sentitu nuen eskaladak gauza gehiago kentzen zizkidala ematen zizkidanak baino. Hori dela eta, eskalatu gabe egon nintzen zortzi hilabetez; atseden moduko bat izan zen eskaladarekiko. Berriro eskalatzeko indar gabe nengoenean, yoga ezagutu nuen. Bi urteko formakuntza egin nuen, eta eduki nezakeen terapia onena izan zen; eskaladako intentsitatea orekatzen duen eta askoz atseginagoa den praktika bat da.

Harrezkero, eskalatu duzu berriro?

Bai, eta esango nuke eskalatzera itzuli naizela nire ingurukoei esker, pazientzia eta maitasun handiz lagundu didatelako kirol horretara itzultzen. Batez ere, lagundu dit emakume talde bat ezagutu izanak, non ingurune seguru bat ezagutu dudan eskalatzeko orduan. Ordutik, inoiz baino gehiago ari naiz gozatzen eta inoiz baino gogorrago ari naiz eskalatzen. Izan daiteke presioa kentzearen eta eskaladatik harago beste jarduera batzuk egitearen ondorioa.

Athlonen diharduzu lanean; zertan datza zure jarduna?

Gaur egun, kiroldegietako zerbitzu eta pertsonala kudeatzean oinarritzen da nire lana; esan daiteke ordenagailuaren aurrean denbora asko igarotzea exijitzen duela.

Yoga irakasle ere bazara; nolako garrantzia du zuretzat?

Athlonen lan egitearekin batera uztartzen dut yogako irakasle izatea, eta oso garrantzitsua da niretzat; izan ere, pertsona bakoitzaren osasuna modu integralean ulertzen du yogak. Onura pila bat ditu maila askotan, eta oso garrantzitsua iruditzen zait niri garai batean horrenbeste onura ekarri zizkidan praktika hori jendearekin partekatzea.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Amonaren patata-tortilla.
Bidaiatzeko toki bat? Hego Amerika.
Bailarako mendi bat? Orkatzategi.
Poteoan edateko zer? Moskatoa edo pika.
Abesti bat? Olaia Inziarteren Egiegia.
Eskoriatzako toki bat? Santa Lucia ermita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak