Gabon sasoia ekitaldi ugarirekin dator Eskoriatzara

Imanol Beloki Unamuno 2025eko abenduaren 20a

Olentzeroren laguntzaileak eskutitzak jasotzen.

Abenduko egun bereziak direla eta, herritarrek proposamen ugari izango dituzte. Nabarmentzekoa da abenduaren 24an 18:00etan Olentzeroren eta Mari Domingiren iritsiera. Hala ere, egun osoko ekitaldi programa prestatu dute.

Domeka honetan, hilaren 21ean,  baina, Arizona antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak antzeztutako ikuskizuna da, eta, 19:00etan izango da Zaldibar antzokian. Sarrerak aldez aurretik erosi daitezke bost eurotan, Manuel Muñoz kiroldegian eta bibe.me webgunean.

Abenduaren 23an, berriz, Eguberri kontuak ipuin kontaketa izango da 18:00etan, bibliotekan. Hil da eguzki zaharra, jaio da eguzki berria izenpean, garai bateko sinismenak, gure ahozko tradiziotik jasotako kontu eta kantuak…

Olentzero eta Mari Domingi iritsi aurretik, ekintza mordoa

Abenduaren 24an, 09:45ean, Itzartuk deituta, kantuan arituko dira auzoz auzo. Plazatik hasita, zaharren egoitza, Bolibar eta Eraña arteko bidea egingo dute, baserritar jantzita.

Gero, haurren eskutitzak jasotzen izango dira Olentzeroren eta Mari Domingiren laguntzaileak, plazan, 12:00etan, eta Gabon kantak abesteko tartea ere hartuko dute; txistorra eta salda egongo da, eta baita gaztaina erreak ere. Arratsaldean, Olentzero eta Mari Domingi iristean, berriz, ibilbide hau egingo dute: Apotzagako bidea, Ibarraundi, Gorosarri plaza, Arbiñoste, eliza, plaza.

Txit karramarro Inkernun

Abenduaren 25ean urteroko kontzertua izango da Inkernun; aurten, Txit karramarro arituko da, 22:00etan. Jokin Uribetxebarria, Gari Barandiaran eta Peio Uribetxebarria hirukotearen proiektu instrumentala da. Eskarmentu handiko musikari aretxabaltar eta eskoriatzarrak rocka, metala, funka eta estilo desberdinetan mugitzen dira.

Gabonetako parkea

Txikienentzat, berriz, hilaren 26an ur jolasak izango dira kiroldegiko igerilekuan. Bi txanda egongo dira: 17:00etatik 18:30era, 8 urte artekoak heldu batek lagunduta, eta, 18:30etik 20:00era, 9-12 urte bitartekoentzat.

Gabonetako parkea abenduaren 29an eta 30ean irekiko da, eta, eskulanak, ohe elastikoak egurrezko jolasak, bideo-jokoak… izango dira 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.

Ekialdeko magoak eskutitzak batzen

Urtarrilean 5ean, berriz, ekialdeko magoek gutunak jasoko dituzte, 19:00etan, plazan, baina, eguraldi txarra bada, frontoian izango da ekintza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak