Luis Ezeiza ingurua berriz urbanizatzea proposatu du EAJk

Imanol Beloki Unamuno 2025eko abenduaren 16a

Luis Ezeiza eskola eta kantxa.

Eskoriatzako EAJk proposatzen duen proiektuaren helburua da Santa Ana eta eskola gunearen arteko lotura hobetzea, eta belaunaldien arteko kontaktua sustatzen duen ingurune atsegina eskaintzea, belaunaldi guztietako pertsonentzat erosoa eta segurua.

Eskoriatzako EAJk Luis Ezeiza ingurua berrurbanizatzea proposatu dio Udalari. "Jarduera hori egiteke dago, eskola publikoaren eta Santa Ana auzoaren arteko lotura hobetzea ahalbidetuko lukeena, eremu degradatu bat txukunduko lukeen pasabide
irisgarri baten bidez", azaldu dute oposizioko kideek.

Aurreko agintaldietan, EAJk "obra garrantzitsuak bultzatu zituen eskola publikoan (teilatua eta eguzki plakak konpontzea, eraikinaren barrualdea hobetzea), baina kanpoko espazioak eraberritu gabe geratu zen, bereziki aipatutako pasabide irisgarria, baita pilotalekuaren aurreko ingurua berritzea ere".

Ingurua atsegina izateko asmoz

Antonio Regañok Eskoriatzako EAJko ordezkariak adierazi duenez, "jarduera horrek aukera emango luke hainbat belaunaldik partekatzen duten eskola-ingurunea eraldatzen eta hobetzen jarraitzeko. Luis Ezeizaren gunea funtzionala, segurua eta atsegina izatea nahi dugu, adin desberdinetako pertsonentzako topagunea". Horretarako, aipatutako hobekuntzak eta aisialdiaz gozatzeko ekipamendua jartzea proposatzen dute.

Eskoriatzako EAJren ustez "kalitatezko espazio publikoetan inbertitzea bizikidetzan eta ongizatean inbertitzea dela, eta Udalari dei egiten dio bere hirigintza plangintzaren barruan proiektu hau lehenesteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak