Gabonei ongietorria egingo diete gaur Intxaurtxueta auzoko bizilagunek

Imanol Beloki Unamuno 2025eko abenduaren 12a

Iaz, Gabonei ongietorria egiteko Partxis plaza izan zuten elkargunea.

San Pedro eta Intxaurtxuetako Bizilagunen Elkartea prest dago beste urte batez Gabonei ongietorria egiteko. Izan ere, azken urteotan egin duten moduan, Ongi etorri, Gabonak jaiaren laugarren edizioa izango da gaur, egubakoitza, eta, ekintza xumeak prestatu dituzten arren, "auzoa dinamizatzea, bizikidetza sustatzea eta adin guztietako bizilagunentzat topagune bat eskaintzea helburu duen ekimena" dela azaldu dute antolatzaileek.

Arratsaldea pintura tailer batekin hasiko da, txikienei zuzendua. Izan ere, 17:00etan, marrazki tailerra egingo dute, Partxis plazan. "Haurrek euren irudimena azaleratuko dute, Gabonetako hainbat irudi koloreztatuz, eta jarduera horrek sorkuntzatik baduen arren, familien arteko ekintza ere bada, haurrek giro alaian euren arteko harremanak lantzeko ere balioko duena", adierazi du Antonio Regañok, San Pedro eta Intxaurtxuetako Bizilagunen Elkarteko kideak. Ondoren, 18:00 aldera, Partxis plazara joaten diren guztiek txokolate beroaz gozatu ahal izango dute, eta, amaitzeko, 19:00etan, pintxoak eta musika izango dira.

Parte hartzeko deia

San Pedro eta Intxaurtxuetako Bizilagunen Elkarteak herritar guztiak gonbidatu ditu ekimen horrekin bat egitera eta Gabonak elkarrekin hastera: "Gabonei ongietorria egitearen helburua komunitate-loturak sendotzea eta auzoari bizitza ematea da. Gainera, jaian Gabonetako loteriaren partaidetzen salmenta-postu bat jarriko dugu, aleak agortu arte. Ekintza horrekin, elkarteak diru-bilketari ekin nahi dio, urtean zehar auzoari onura ekarriko dioten jarduerak eta proiektuak antolatzen jarraitzeko".

Bertako artisau azoka

Domekan, berriz, Gabonetako zero kilometro azoka izango Fernando Eskoriatza plazan, 11:00etatik 15:00etara bitartean. Artisau produktuak, diseinuzkoak, gertukoak eta bakarrak izango dira, baita artisau jaki eta garagardoak ere. Bertan batzen diren artisauek eskuz egindako lanak jarriko dituzte salgai, hala nola poltsak, xaboiak, xanpuak, ukenduak, zeramika, liburuak, jokoak, hazi-poltsak...

Neguko postal lehiaketa

Ekintza horiez gain, Tortolis ludotekak, aurreko urteetan egin bezala, neguko postal lehiaketa antolatu du. Postalak ludotekan jasoko dira, abenduaren 15era arte, eta hiru kategoriatan aurkezteko aukera dago: 3 eta 6 urte artekoen sailean, 6 eta 9 urtekoenean edo 10 eta 12 urtekoenean. Bertan aurkeztutako lanak Manuel Muñoz kiroldegian egongo dira ikusgai, abenduaren 18tik urtarrilaren 5era bitartean. Bertan, botoa emateko kaxa bat egongo da. Urtarrilaren 12an sari banaketa egingo da, ludotekan, eta aste horretan zehar postalak jaso daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak