Esnargi bazkide bila dabil eskolan egin den lehen autokontsumo proiekturako

Imanol Beloki Unamuno 2025eko abenduaren 5a

Esnargiko Arevalo eta Rabanete kide eskoriatzarrak. Argazkia: Esnargi

Esnargik, Eskoriatzako Energia Komunitateak urtarrilaren 12an, astelehenean, 18:30ean, Ibarraundi museoan egingo duen informazio-saiora gerturatzeko dei egin du, euren proiektura batzeko asmoz.

Esnargi Eskoriatzako Energia Komunitatea ekimen kolektibo bat da, eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko asmoa du. Kooperatiba gisa antolatuta, Esnargi herritarren parte-hartze zabalari irekia dago, eta tokiko ekonomia, ingurumen-jasangarritasuna eta elkarlan komunitarioa indartzea du helburu nagusi. Hori horrela, ingurumenarekiko eta gizartearekiko ardura partekatzen duten herriko bizilagunek osatu zuten taldea, iaz, etorkizun jasangarriago eta komunitate sentiberako bidean, eta, ordutik, taldea handitu egin da eta hainbat urrats egin dituzte. Besteak beste, aholkularitza energetikoa, etxebizitzen birgaitze energetikoaren sustapena eta proiektu kolektiboak garatu dituzte; horien artean, Luis Ezeiza Herri Eskolako teilatuan eguzki-plaka instalazio garrantzitsu bat.

Luis Ezeizako plakak

Hain zuzen ere, egindako azken jarduera 36 kW-ko instalazio fotovoltaikoaren lanak izan dira. Luis Ezeiza herri eskolako teilatuan eguzki-plaka sistemaren proiektua da honako hau, eta, NafarKoop-ek eginda, amaitu dituzte lanak dagoeneko. Horrekin batera, Eskoriatzako lehen autokontsumo partekatuaren proiektuan parte hartu nahi duten bazkide berrientzako deialdia ere abian jarri dute Esnargi Energia Berriztagarrien Komunitateko kideek. Izan ere, eskolako teilatuan jarri diren 71 eguzki-plakekin, 36-45 etxebizitzari energia emateko aukera izango da, eta, proiektua datozen asteetan martxan jarriko denez, interesdunak batu nahi dituzte.

Proiektuaren onurak

Proiektu horri esker, etxeek eta tokiko negozio txikiek bertako energia berriztagarria eskuratu ahal izango dute, merkaturatzaile handien menpekotasuna murriztu eta eredu energetiko justuago, iraunkorrago eta komunitarioago baten alde egiteko. Gainera, instalazio horren bidez bazkideek, besteak beste, berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketan parte hartuko dute zuzenean, krisi klimatikoa arintzen laguntzeko eta tokiko erresilientzia energetikoa sendotzeko.

Esnargira batzeko deia

Trantsizio energetiko berde eta soziala den proiektu horren parte izan nahi dutenak Esnargira, Eskoriatzako Energia Komunitatera, batzeko dei egin dute komunitate energetikoko kideek. Hala, informazio gehiago nahi duena urtarrilaren 12an, astelehenean, 18:30ean, Ibarraundi museoan egingo duten informazio-saiora gerturatzeko dei egiten dute, edo, bestela, komunikazioa@esnargi.eus helbidera idatzi daitekeela ere azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak