Kanpainaren helburua herriko merkataritza txikia sustatzea eta bezeroei opariak esker onez eskaintzea dela azaldu dute antolatzaileek, herri-bizitza aktibatzeko eta tokiko ekonomia sutatzeko, besteak beste.
Astelehenetik aurrera
Axtroki tonbola egitasmoa Axtroki Merkatari Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Eskoriatzako Udalak babesten dute, eta egitasmoaren gaineko aurreikuspen onak dituztela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, guztira, 2.000 opari baino gehiago banatuko dituzte Axtroki Merkatari Elkarteko kideek herritarren artean, eta, hala, eskoriatzarrak animatu nahi dituzte egitasmora, herriko merkatari txikiak eta herri-bizitza indartzeko asmoz. Opariak abenduaren 8tik –astelehena– aurrera eskuratu ahal izango dituzte herritarrek Eskoriatzako dendetan, horiek agortu arte.
Herria eskertzeko
Axtroki Merkatarien Elkartekoek urtean zehar antolatzen dituzten ekintzen artean, honako hau berria da. Ekimena Gabonen atarian jarriko dute martxan, eta herritarrei eskertu egin nahi diete bertako dendetan erostea eta urte osoan emandako babesa. Honela azaldu du Ixkur ilea-apaindegiko eta Axtroki Merkatari Elkarteko Eider Kortazarrek: "Axtroki Merkatari Elkartearen helburua beti da herriko komertzioa sustatzea, eta urtean zehar tokiko komertzioak indartzeko egiten dugu lan. Horren baitan, herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu bertan gastatzeagatik, eta modu horretan herriari bizitza emateagatik. Mezua urterokoa da: bertan erosi, merkatari txikiak babestu, eta gure herriari etorkizuna eman. Hori horrela, aurten, emozioz eman nahi diogu hasiera egitasmo berri horri, eta eskoriatzarrek merezi dutela uste dugu. Hala, komertzio bakoitzeko bezeroei opariekin eskertu nahi diegu gure komertzioetan erostea…".
Ekintzen garrantzia
Urtean zehar hainbat jarduera egiten dituzte Axtroki Merkatari Elkarteko kideek, Eskoriatzako komertzio txikiari bultzada emateko eta merkatarien eta herritarren arteko harremanak sakontzeko: udaberrian Loratu lore eta landare azoka antolatzen dute; irailean saiheski-jana egiten dute, herritarrei udako oporren bueltan ongietorria egiteko; eta orain, Axtroki tonbola prestatu dute, urteari amaiera emateko eta eskoriatzar guztiak eskertzeko. "Ekintza guztiek, merkatarioi ikusgarritasuna emateaz gain, herritarrengana hurbiltzen gaituzte, eta alderantziz; eta herria bizirik mantentzeko ezinbesteko jarduerak dira", nabarmendu dute Axtroki Merkatari Elkarteko kideek.