Eskoriatzako alderdi jeltzaleak auto partekatuentzako aparkaleku bat sortzea proposatu du Intxaurtxuetan

Imanol Beloki Unamuno 2025eko abenduaren 2a

Maite Uribe eta Josu Ezkurdia EAJko jeltzaleak, Intxaurtxuetan.

Eskoriatzako EAJk partekatutako ibilgailuentzako aparkaleku bat sortzea planteatu du Intxaurtxueta auzoan, egungo aparkalekuen eta autobidera sartzeko errepidearen arteko espazioa aprobetxatuz. Proposamenaren helburua da "mugikortasun eredu jasangarri bat sustatzea eta auto pribatuaren erabilera indibiduala murriztea, alternatiba erosoak eta ingurumena errespetatzen dutenak eskainiz", azaldu dutenez.

EAJk, gainera, Intxaurtxueta auzo inguruko irisgarritasuna hobetzea, bizikletentzako aparkalekua eta puzteko eta konpontzeko puntu bat jartzea eta ibilgailu elektrikoentzako karga-puntuak jartzea proposatzen du. Horrela, "mugitzeko modu jasangarriagoak erraztuko dituen ingurune baten alde eginez", euren esanetan.

Mugikortasun jasangarriago baterantz

Eskoriatzako EAJko Josu Ezkurdiak nabarmendu duenez, "Eskoriatzak mugikortasun jasangarriago eta praktikoago baterantz egin behar du aurrera. Horrelako jarduera txikiek ahalbidetzen dute etorkizun jasangarria, eta Udalaren esku dago horiek bultzatzea. EAJk azpimarratu du kostu errealista gutxiko proposamena dela, herritar guztientzat onuragarria, ohitura arduratsuak sustatzen dituena eta herritarrak kontzientziatzen laguntzen duena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak