402 euro Eskoriatzatik Aita Mari erreskate ontzirako

Xabier Urtzelai 2025eko azaroaren 23a

Herritarrak, zapatuko azokako une batean, tortilla pintxoak erosten.

Luis Ezeiza Herri Eskolaren 55. urteurrenaren barruan azaroan bi ekintza prestatu dituzte, SMHko (Salvamento Maritimo Humanitario) lagunen eskutik berbaldia egin zuten eguenean, eta atzo, zapatua, bigarren eskuko azoka jarri zuten plazan. Bada, 402 euro batu dituzte Aita Mari ontziaren proiektuetara bideratzeko. 

Eguenean SMHko Ana Perezen eskutik berbaldia izan zuten Salvamento Maritimo Humanitario ekimena gertuagotik ezagutzeko. Erakunde humanitario hori 2015ean jaio zen, EAEn dute egoitza eta erreskate lanetan jarduten dute. Hain zuzen, etorkizun hobe baten bila, eta baldintza arriskutsuetan, Afrikatik Europara etortzeko Mediterraneoa zeharkatzea erabakitzen dituzten migranteak erreskatatzen dituzte. Eta, euren ontzia ezagun egin da, Aita Mari ontzia. "Ana Perezen eskutik Aita Marin egiten duten lan humanitarioa ezagutu ahal izan genuen, eta horrekin batera zuzeneko konexio bat egin genuen ontziko kapitainarekin. Polita izan zen ontzia barrutik ezagutzea, orain momentuan Valentziako portu batean dago Aita Mari ontzia, 17. misioari ekiteko eguraldiak hobera noiz egingo duen zain", adierazi dio GOIENAri Maitane Gomez Segurak. "Gainera, Ana Perezek nabarmendu zigun ze garrantzitsua den halako ekimenak eskola eta hezkuntza eremuetan zabaltzea".

Azoka, SMHri laguntzeko

Bada, ekimen horren bueltan antolatu zuten, atzo, zapatua, bigarren eskuko azoka solidarioa. Izan ere, helburua Aita Mari ontziaren proiektuetan laguntzeko dirua batzea zen. "Oso pozik geratu gara, 402 euro batu ditugu arropak saltzen, eta egunerako prestatu genituen tortilla pintxoak saltzen. Arropa gure ikastetxeko biltegian gordeta geneukana zen, urtetan gure ikasleek ikastetxean ahaztu izan dituzten jertse, txamarra... Inork ez dezala pentsa aurtengo arropak zirenik [Barreak], lasai egon daitezela gurasoak, baina bai, deigarria da zenbat arropa geneukan urtetan pilatutakoa. Bada, garbitu egin ditugu horiek, eta salgai jarri genituen atzo. Eguerdian oso giro polita egon zen azokan, eguraldiak ere lagundu egin zuen, eta esandako moduan, oso gustora geratu gara". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak