Kamisetan rottweiler baten irudiarekin, talde indartsuaren irudia emanez, Urrestilla areto futbol taldea sortu dute Eskoriatzan, jokalari gazteekin eta beteranoekin. Parte-hartzaileen esanetan, areto futbola beste modu batera ulertzen duten jokalariak bildu dira, kirola egiteko, baina bizitza osoa horri eskaini gabe, ondo pasatzeko. Denboraldia maila baxuenetik hasi badute ere, garaipenak bata bestearen atzetik datoz, eta taldearen helburua argia da: mailaz igotzea.
Emaitza onak lortzen
Areto futbolaz gozatzeko sortu dela taldea azaldu du Ekain Heriz jokalariak. Hala, Aihan Urrutia eta Unai Balbas entrenatzaileen gidaritzapean ari dira lanean. "Jokalariak azkar moldatu gara, eta esperientzia desberdinek aberastutako talde orekatua osatu dugula esan dezakegu. Diziplina pixka bat behar da, baina ez larregikoa; horri esker giro ona eta lehiakortasuna uztartzea lortu dugu".
Proiektuaren sorreratik
Markel Urzelai, Ekain Heriz eta Oier Ganboa eskoriatzarrek jarri dute martxan proiektua, eta, Eskoriatzako areto futbol taldean hainbat urtetan aritu ostean, beste proiektu bati ekin nahi izan diotela nabarmendu du Ekain Erizek. Urrestillako jokalariak azaldu duenez, hasieratik izan dute lagunarteko talde baten ideia buruan: "Ez gara areto futbolaz bizi, ez gara profesionalak, eta horregatik lehiatu egin nahi dugu, baina, batez ere, disfrutatu. Kantxa barruan ondo pasatu nahi dugu, baina baita kantxatik kanpora ere".
Partidurik galdu gabe
Lehenengo Erregional Mailan ari dira lehiatzen, eta, denboraldia hasi egin berri den arren, oraingoz ez dute partidurik galdu. "Partiduak Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian jokatzen ditugu, nahiz eta hurrengo jardunaldia Ibarra kiroldegian izango dugun, asteburu honetan, Lauburu taldearen aurka, Aretxabaletan. Sailkapenari dagokionez, ondo gaude. Izan ere, hiru garaipen eta bi berdinketa lortuta, goiko postuetan ari gara lehian".