Estazioa osorik berritzeak teknologia hobetuko du, itxaronaldiak eta erregai-kontsumoa murriztuko ditu eta ordainketak erraztu. Hala, Bidegik proiektuaren lizitazioa onartu du, 1.770.157 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne), eta gauzatzeko epea 12 hilabetekoa izango da, esleitzen den unetik aurrera.
Kobratzeko sistema ordezkatuz
Esku-hartzeak lau sarrera-bideetan eta lau irteera-bideetan kobratzeko sistema guztiak ordeztea aurreikusten du, baita egungo kabinak kentzea ere, automatikoki funtzionatuko duen azpiegitura bilakatzeko. Sistema berriak modu dinamikoan funtzionatzea ahalbidetuko du, TAG gailu bateragarrien irakurketa automatikoaren bidez (Via-T edo Abiatu), eta, horrela, ibilgailuek gelditu gabe zirkulatu ahal izango dute. Gainera, pertsonalik gabeko bidesari automatiko gisa gaituta egongo da, eta TAGarekin, telefono mugikorrarekin, erloju adimendunarekin, banku txartelarekin edo eskudiruarekin ordaintzea onartuko da.
Itxarote-denbora eta kontsumo gutxiago
Horretarako, ordainlekuak matrikulak atzemateko bereizmen handiko irakurketa-kamerak izango ditu, ibilgailu mota zehazteko gai direnak eta ordainketa-metodo guztietarako makina automatikoak jarriko dira. Erabiltzailearen eta operadorearen arteko urruneko komunikazio-sistemak ere instalatuko dira. Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolak azpimarratu duenez, "hau beste urrats bat da Gipuzkoak bidesari eredu modernoago, arinago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko. Helburua da mugikortasuna erraztea eta itxaronaldiak eta energia kontsumoa murriztea".