Pentsatzeko jokoa da xakea, eta kontzentrazioa, logika eta pazientzia eskatzen ditu. Helburua ez da soilik partida irabaztea, baizik eta pentsatzen, aurreikusten eta errespetuz jokatzen ikastea, eta hori sustatu nahi dute Eskoriatzako bibliotekan, hileko bigarren zapatuan egiten hasi diren Xake goizak egitasmoan.
Hasiera arrakastatsua
Lehenengo saioa arrakastatsua izan zen, urrian; izan ere, hainbat haur batu ziren bibliotekan, eta bihar ere bertan batuko dira interesa duten hainbat lagun. 11:00etatik 13:00era bitartean, xakean aritzeko, ikasteko, dakitena demostratzeko eta goiz atsegina pasatzeko aukera izango dute nahi dutenek, eta, gainera, nola mugitzen diren piezak, nola egiten diren jokaldiak eta nola planifikatu partida bat ikasteko tartea ere hartuko dute, besteak beste.
Ikasteko saioak
Zalantzak argitzeko bide horretan, Ander Otero arituko da dinamizatzaile gisa, eta parte-hartzaileek jokoaren oinarriak ikasteko eta estrategiak lantzeko aukera izango dute. Jarduera hori adin guztietako herritarrei dago irekita, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea; 6 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute.
Xake goizak ekimena urritik martxora bitartean egingo da, eta helburua da xakearen inguruko interesa piztea eta herritarren arteko topagune ludiko bat eskaintzea. Horren baitan, liburutegian Xake txokoa izeneko gunea ere zabalik dago, non xake-taulak, piezak eta jokoari buruzko liburuak eta filmak eskura daitezkeen.
Eskulanak bibliotekan
Xakeaz gain, Tortolis ludotekak, azaroaren 15ean, 4 eta 11 urte bitarteko haurrei eta euren familiei zuzendutako tailer bat emango du bibliotekan, 11:00etatik 12:30era bitartean. Ludotekako bi dinamizatzaileek eskulanak prestatu eta gidatuko dituzte; beraz, familiek beharrezko materiala izango dute eskulanak egin ahal izateko. Haurrek egiteko moduko eskulanak izango dira; betiere, gurasoen edo heldu baten laguntzarekin. Horregatik, ezinbestekoa izango da haurrak heldu batez lagunduta joatea.
Doako tailerra izango bada ere, ezinbestekoa da izena ematea, plazak mugatuak izango dira eta. Aurrez aurre, Tortolis ludotekan eta udal bibliotekan eman daiteke izena, eta horretarako azken eguna azaroaren 12a izango da, eguaztena.