Sanmilixan jaietan aurten ere eskulangintzak izango du protagonismoa Leintz Gatzagan. Guztira, hamabost eskulangintza-postu jarriko dira frontoi barruan, eta, horiez gain, Sorginak Emakume Elkarteak bere ohiko talo-postua ere izango du.
Kanpoaldean, plazan, piper erreen postua izango da, azken urteotan moduan; babarrunen postua; eta Gurel Guraso Elkartekoek plazara eramango duten kalabazaren pisua amaitzeko postua jarriko dute. Gainera, Gatzagako gatzaren postua ere izango da, urtero moduan, eta, azkenik, Aretxabaletako Kurtzebarri eskolako DBHko laugarren mailako ikasleek ere izango dute beren postua: tortillak eta bizkotxoak salduko dituzte, ikas bidaiarako dirua biltzeko.
Emakumeak talogile lanean
Sorginak Emakume Elkartekoek prestatutako taloak jateko aukera izango da, eta adin guztietako hamabost bat lagun inguru batuko dira lan horretarako. "Sorginak Emakume Elkartekoek egin ditugu bilerak, eta, egunera begira lanak banatuta, 25 kilo arto-irin erosiko dugu; eta txistorra eta hirugiharra, berriz, bakoitzetik 12 kilo. Bi plantxa jarriko ditugu, eta, taloak egin eta saltzeaz batera, taberna ere izango dugu", adierazi du Rosa Urretak, Gatzagako Sorginak Emakume Elkarteko kideak.
Artilezko koltxoien erakustaldia
Emakumeen talo-postuarekin batera, erakustaldi bat egiteko aprobetxatuko dute San Milixan eguna Pili eta Dorleta Elkorobarrutia gatzagarrek. Labidea alboan, artilezko koltxoiak antzina nola egiten ziren erakusteko tartea hartuko dute. Ardi-artiletik egindako material naturalak nola lantzen diren erakutsiko dute. Herriko bisita gidatuak egiteko aukera ere izango da, euskaraz 12:00etan eta gazteleraz 13:00etan, eta Gatz Museoko bisita gidatuak ere egingo dira, urtero moduan, euskaraz 11:30ean eta gazteleraz 13:30ean.
Korrika Gatz Bidetik
Zordanbideetan antxintxika izenarekin, San Milixan egunez Arrasatetik Gatzagara lasterka joateko ohitura du Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako lagun kuadrilla batek, eta aurtengoa hamargarrena izango da. Normalean, 30-40 lagun inguru elkartu izan dira, eta aurten ere horrenbeste batzeko asmoz, 10:30ean abiatuko dira Leintz Gatzagara, 14,5 kilometroko ibilbidea egiteko. Parte hartzeko, gatzbideankorrika@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Autobus zerbitzu berezia
Azaroaren 9an, igandea, Leintz Gatzagan egingo den San Millixan azoka dela eta, DG21E lineako honako zerbitzu hauek eskaeraren arabera eskatu beharrik gabe egingo dira:
• 10:00 Eskoriatza - Leintz Gatzaga
• 11:10 Leintz Gatzaga - Eskoriatza
• 11:45 Eskoriatza - Leintz Gatzaga
• 13:10 Leintz Gatzaga - Eskoriatza
• 13:45 Eskoriatza - Leintz Gatzaga
• 15:10 Leintz Gatzaga - Eskoriatza