Handik hona

Teresa Reyes: "Hasieran, kultura ezberdintasunak talka eragiten du"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko azaroaren 3a

Teresa Reyes, Eskoriatzako Arana kalean, herriko plazaren parean, astelehen arratsaldean. (Argazkia: I.A.A.).

Maitemindu, ezkondu eta Eskoriatzara etorri zen Teresa Reyes Gomez (Santo Domingo, Dominikar Errepublika, 1964) duela 31 urte, 1994an.

Hona etorri aurretiko garaia nola oroitzen duzu?

30 urtera arte denetik bizi izan nuen. Oso gazte izan nintzen ama, 20 urterekin. Une hartan, gizon batekin maitemindu eta harekin bizitzera joan nintzen. Ihes egin nuen etxetik, nire gurasoak ez zidatelako joaten uzten. Nire haurtzaroa oso polita izan zen. Aitaita-amamekin hazi nintzen. Badakizu, aitaita-amamek denerako baimena ematen dizute. Haiek hil zirenean, gurasoekin eta nebekin bizitzera itzuli nintzen, eta erabateko aldaketa izan zen.

Zergarik diozu hori?

Nire amari lagundu behar izaten nion, eta nire nebek ez zuten ezer egiten. Garai hartan, matxismoan hezten gintuzten. Oso gaizki pasa nuen. Ni nintzen lau neba-arrebetatik zaharrena, eta emakume bakarra.

Eta nolatan amaitu zenuen Eskoriatzan?

Eskoriatzar batekin ezkondu nintzelako, 1994an. Han ezkondu ginen, eta hemen beste seme bat eduki dut.

"Lagunak dauzkat esaten dutenak errefusatu egin dituztela; nik ez dut halakorik bizi izan"

Lehen egunak hemen nolakoak izan ziren?

Nire senarraren familiak sekulako ongietorria egin zidan; ezin naiz kexatu. Oso erraz integratu nintzen. Lagunak dauzkat esaten dutenak errefusatu egin dituztela, baina nik ez dut halakorik bizi izan. Kontrara; guztiz integratu nintzen. Denean ematen nuen izena. Euskal Herria eta Eskoriatza asko gustatzen zaizkie. Guztiz egokitu naiz hemen. Dominikar Errepublikara joaten naizenean gaizki pasatzen dut. Kultura ezberdina da, denak oso lasaiak dira. Supermerkatuan ere erosketak egiteko gogoa jartzen zait, eta nebak lasaitzeko esaten dit. Hemengo bizitzara ohitu naiz.

Esan didazu oso azkar integratu zinela.

Etorri eta berehala semea izan nuen. Orduan, haren ikaskideen gurasoekin kuadrilla osatu nuen. Plazan elkartzen ginen haurrekin, eta horrela integratu nintzen. Afariak egiten genituen, irteerak...

Zeintzuk dira bi herrialdeen arteko ezberdintasunak?

Asko. Kultura ezberdina da. Esaten da han familiarragoak garela, baina uste dut hemen direla familiarragoak. Nire jaioterrian Gabonak ospatu genituen behin nire senarrarekin, eta harrituta geratu zen ospakizunarekin. Familiako afarian bat patioan zegoen, beste bat mahaian, beste bat beste leku batean... Hemen denok batera ospatzen dugu. Azkenean, leku bakoitzean ezberdina da.

Janaria eta eguraldia, adibidez?

Nire elikadura guztiz aldatu da. Han egunero arroza jaten da, eta fritanga asko. Urrian etorri nintzenean, eguraldia asko aldatu zen. Zirimiria hasi zen, eta sekulako tristura sartu zitzaidan.

Zerk harritu zintuen?

Txikiteoak. Tabernak bete egiten ziren, eta horrek arreta eman zidan. Hemen afariak eta bazkariak egitea ere asko gustatu zait. Han lagunekin elkartzen zara, baina ez hemen bezala. Hemen jendea gehiago harremantzen da.

Zer igartzen duzu faltan?

Lehen, eguzkia, hemen hotz egiten zuenean; baina ohitu egin naiz. Asko ibiltzen naiz oinez, eta orain nahiago dut hotza, baita lanerako ere. Han oso gaizki pasatzen nuen beroarekin.

"Hemengoa sentitzen naiz gehiago; lagun batek kameleoia naizela esaten dit"

Handik irteteko asmorik bazenuen?

Ez. Eskua irakurri zidan lagun batek. Ez dut horretan sinesten, baina esan zidan bidaiatu egingo nuela. Nire senarrak joan-etorriak egiten zituen hara, maitemindu egin ginen, eta etorri egin nintzen. Hasieran, asko igartzen nuen faltan nire jaioterria, baina orain, oso zoriontsua naiz.

Garai hartan ez zen migrante askorik egongo Eskoriatzan; arrazakeriarik bizi izan duzu?

Venezuelako emakume bat zegoen, baina alde egin zuen. Arrazakeriarik ez dut bizi izan, baina gogoan dut tabernara sartu eta txikiteroak begira geratzen zitzaizkidala. Ez nuen txarrera hartzen. Hasieran, kultura ezberdintasunak talka eragiten du.

Hango tradizioak mantentzen dituzu?

Handik joan nintzen, eta uste nuen hona etorrita hemengora egokitu behar nuela.

Santo Domingo leku segurua da?

Txikitan bai, baina orain ez. Haurra nintzenean, etxeko ateak zabalik egiten genuen lo. Orain, delinkuentzia handia dago. Gazteriari ez zaio lan egitea gustatzen; desastrea da.

Zer da dominikarra izan baina Eskoriatzan bizitzea?

Hemengoa sentitzen naiz gehiago. Lagun batek kameleoia naizela esaten dit. Han ez dago segurtasunik. Bisitan joaten naizenean, beldurrez joaten naiz. Nire ama atera nahi izan dugu handik, baina ez du nahi.

Euskaldunen eta dominikarren arteko ezberdintasunak berbagai

Iritsi bezain laster hasi zen euskara ikasten Teresa Reyes, eta lau urtez aritu zen horretan: "Nire semeak Arizmendin ikasi zuen, eta hari ulertzeko ikasi nuen. Gainera, etxeko lanak ekartzen zituenean, lagundu egin nahi nion euskaraz. Haurrekin asko ikasten da".

Dominikar Errepublikan jendea oso jaja, jiji dela adierazi du: "Karibeko klima izango da. Hemen jende serioa ikusten nuen. Han edonork geratzen zaitu kalean, eta zer moduz zauden galdetu. Hemen ikusten nuen inork ez ninduela agurtzen. Gerora ikusi dut ez zela antipatiagatik, baizik eta ez genuelako elkar ezagutzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak