Mondragon Unibertsitateko kooperatibismoaren ikertegia da LANKI. Eskoriatzako campusean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, du kokalekua. Azaroan egingo ditu 25. urteurreneko ospakizunak. Ikertegiko zuzendaria da Ainara Udaondo Alberdi (Bilbo, 1979).
25 urteotan, zein izan da LANKIk egindako ekarpen nagusia? Eta zein arlotan?
Gure langai nagusia kooperatibismoa da, eta bi hanka ditu gure lanak: ikerketa – eta horrekin lotutako transferentzia eta aholkularitza–; eta, bestetik, hezkuntza –masterrak zein formakuntza txikiak daude eskaintzaren barruan–. Horien gainean ibili gara lanean 25 urte hauetan. Gure ikertzeko modua da eragile kooperatiboetatik oso gertu egitea, eragiteko bokazioz, errealitatetik eta errealitaterako ikertzea, eta gero, bestetik, sentitzen dugu ikertutako hori gizarteari bueltatu behar diogula; unibertsitatea garen heinean, hezkuntza estrategia garatuz.
Ibilbidean zehar, garrantzi handia ematen diozue formakuntza eskaintzari; zergatik?
Uste dugu gure modu naturalena hori dela, ikertzen eta garatzen dugun ezagutza bueltatzeko modua. Produktu asko ditugu horretarako, izan nazioarte mailako masterrak, izan gure kooperatibetara begira daudenak –titulu propioak edo formakuntzak organoekin, bazkideekin edo kooperatibekin–. Sinistuta gaude kooperatibismo sakonago eta eraldatzaileagoa sortzeko hezkuntza oso palanka garrantzitsua dela. Kooperatibismoaren identitatea eta norabidea elikatu egin behar dira, eta hor eragiteko bidea da hezkuntza, kooperatiba eraldatzaileagoak eta kooperatibista kontzienteak nahi ditugun neurrian.
Ibilbide horretan gainera, MONDRAGONen esperientzia kooperatiboan jarri da arreta, bereziki.
Bai; garen horretatik abiatuta dihardugu. Kooperatibismoaren fenomenoa askotarikoa da, baina euskal kooperatibismoak, eta Mondragonekoak bereziki, baditu ezaugarri jakin batzuk mundu mailan aitortzen direnak: lan elkartuko kooperatibak izatea, interkooperazio mekanismoen garapen maila handia, hemengo dibertsitatea… Hori izan da gure abiapuntua, hori dugulako konpartitzeko beste esperientzia batzuekin.
Baina beste hainbat erakunde eta ekonomia sozialeko zein kooperatibismoko erakunderekin ere egin duzue lan, ezta?
LANKIn badugu taupada bat zeinek esaten digun autoeraketan oinarritzen diren proposamenak interesanteak direla mundua artikulatzeko bizi ditugun erronkei erantzuteko. Kooperatibismoa horren adierazgarria da eta hortik abiatuta egiten dugu lan. Ahalik eta kooperatibismo eraldatzaileena eta, aldi berean, sustraituta dagoena bultzatu nahi dugu, baina, era berean, prest gaude asmo hori konpartitzen duen edozeinekin lan egiteko. Adibidez, beste sare batzuekin egiten ditugu lanak, Olatukoop-ekin proiektuak ditugu, nazioartean ere Ekonomia Sozialeko eragileekin aritu izan gara... Ekonomia egiteko eta gizartea antolatzeko beste molde batzuk amesten dituzten hainbat eragilerekin modu ezberdinetan kolaboratu dugu.
Egun, zein proiektu dituzue martxan? Zein formakuntza eskaintza?
Proiektu batzuk ikerketa akademikoan kokatzen dira; beste batzuk, aldiz, aholkularitzan edo bidelagun izateko lanean; eta beste batzuk hezkuntza programak edo proposamenak dira. Batetik, ikerketa proiektuak ditugu zabalik. Adibidez, gobernantzaz, interkooperazioaz eta identitateaz ari gara ikertzen. Aldi berean, baditugu prozesuak martxan hainbat kooperatibarekin. Esaterako, Laboral Kutxa ari da orain Zentzua prozesua egiten, aztertzen nondik datorren eta norantz proiektatzen ari den termino kooperatiboetan. Arlo akademikoan, masterra martxan dugu, aditu titulua ere egiten dugu gure eragile kooperatiboekin…
Zein dira lehentasunak eta erronkak?
Euskal kooperatibagintzak as- kotariko estrategiak behako ditu etorkizunean, eta sinistuta gaude landu egin behar dela identitatea, norabidea, ideia kooperatiboa gaurkotu egin behar dela… Etengabe elikatu behar den lan bat dela ikusten dugu.
