Egun osoko jaialdian hainbat mailatako partidak izango dira ikusgai, gazteetatik elite mailaraino. Lehenik, pilota misto gazteen kategorian lau norgehiagoka jokatuko dira; ondoren, pilota misto promesen mailako bi partida jokatuko dira; eta, azkenik, jaialdia pilota misto eliteko partidarekin borobilduko da, Mendizabalen eta Bergararen arteko norgehiagokarekin.

Nora Mendizabalek eta Arrate Bergarak banaka hazten jarraitu nahian
Abenduaren 21eko Bermeoko finalak urrun diruditen arren, aurtengo emakumezkoen Lau eta Erdiko txapelketa nagusia ere ari da bere bidea egiten eta maila goreneko txapelketa honetako kanporaketa bat jokatuko da domekan Eskoriatzako udal pilotalekuan. Gorengo mailan, Nora Mendizabal eta Arrate Bergara atzelarien arteko dema izango da maila nagusian.
Goizeko hamarretan hasiko den jaialdi ezin osoagoa, eta eguneko ekitaldia borobiltzeko, bi atzelari arituko dira nor baina nor, Nora Mendizabal andoaindarra eta Arrate Bergara bergararra. Txapelak janztea kosta zaien arren, aurtengoa denboraldi ona izaten ari da bi pilotarientzat, final handiak jokatzeko aukera izan baitituzte biek ala biek. Hala Nora Mendizabalek 3 Hiriburuak, San Fermin eta Plazandreak saioko finalak jokatu ditu azken hilabeteetan, baita Nafarroako Foru Komunitateko txapela jantzi ere. Arrate Bergarak ere ondo baino hobeto daki zer den tentsio goreneko partidak jokatzea zer den, aurten bertan Binakako Txapelketa Nagusiko eta Udako Master Laboral Kutxako finalak jokatu baititu. Aurreko asteburuan Hondarribian maila bikaina erakutsi zuen Aretxabaletako Irati Betegiri 22-14 irabazita eta orain ere hazten jarraitu nahi du, bere aurkariak bezalaxe.